Maiatzeko ohiko plenoan Fracking-aren kontrako mozioa onartu zen Bildu eta Aralarren aldeko botoekin. Hori horrela mozioan zehazten den bezala, Zumaia Fracking-ik gabeko udalerri izendatu zen, eta datozen egunotan jarriko da herriko sarreretan ‘Fracking ez’ dioen seinalea.
Fracking-aren debekua eskatzen duen Herri Ekimen Legegilearen helburuekin bat egiten duenez Udalak, udaletxeko eta Alondegiko harrera bulegoetan sinadurak biltzeko orriak izango dira eskura. Herri Ekimen Legegilea abiatzeko, 30.000 sinadura bildu behar dira, herri partaidetzaren bitartez Eusko Legebiltzarrean Euskal Autonomia Erkidegoan fracking-a debekatuko duen lege bat sustatzeko. Hori horrela, herritarrak ekimen honi beren atxikimendua ematera gonbidatzen ditu Udalak (sinadura bilketa uztailera bitartean egingo da).
Bukatzeko, Zumaiako Udalak Hidrocarburos de Euskadi enpresa publikoari fracking-aren bitartez aztertu, ikertu edo ustiatu daitezken hidrokarburo ez konbentzionaletarako ikerketa baimen guztiak bertan behera utz ditzan eskatzen dio.
Fracking-aren inguruan herritarrak informatzeko hitzaldia ere izango da ekainaren 20an, Fracking-ik ez Arabak emanda. Hala ere, eguna gerturatzen doan heinean zehaztuko da non eta zein ordutan izango den hitzaldia.