Xabier Azkue: “Herriari esker egin dugu aurrera, eta geure ekarpena egin nahi diogu Zumaiari”

Baleike 2014ko ekainaren 11

Xabier Azkue (1971) euskara teknikaria eta bertso eskolako kidea izateaz gain, Baleike aldizkariko sortzaileetako bat da. Horretaz gain, Baleike Kultur Elkarteko lehendakaria da, eta azken urteotan, administrazio eta kudeaketa arloetan aritu da laguntzen. Aldian behin, testuekin ere kolaboratzen du.

1994. urteko ekainean kaleratu zen Baleikeren lehen zenbakia. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Zumaiako Gazte Batzordearen ekimena izan zen aldizkaria ateratzea. Bilera baterako deia egin zuten, taldetxo bat elkartu eta proiektua lantzen hasi ginen. Inguruan ari ziren beste aldizkari batzuk sortzen eta haiek hartu genituen eredutzat, gazteen gaiak gehituta.

Zein zailtasun izan zenituzten orduan?

Zerotik hastea ez zen erraza izan, baina ilusioz gainezka geunden eta asmatu genuen oztopoak gainditzen. Inbertsio txiki batzuk egin genituen eta Institutuko ordenagailuetan hasi ginen aldizkaria maketatzen, bakoitzak zati batzuk hartuta. Lehen zenbakia egitea ez zen hain zaila izan, gogorragoa izan zen bigarrena, hirugarrena eta hurrengoak ateratzea, hilero.

Ondoren, Baleike Kultur Elkartea ere sortu zenuten. Zein zen helburua?

Batez ere lege aldetik oinarri bat ematea aldizkariari, Gazte Batzordea desegin egin zelako pixkanaka. Topagunean sartu ginen eta aldian behin kultur ekitaldiak ere antolatzen hasi ginen.

20 urteko ibilbide honetan aldaketetarako tartea ere hartu duzue. Zeintzuk izan dira aipagarrienak?

Hamabostekari bihurtzea erabaki genuen garaia izan zen mugarrietako bat, profesionalizaziorako urratsa izan zelako. Hala ere, zaila izan zen erritmo hari eustea, eta 100. zenbakiarekin batera eten bat egitea pentsatu genuen. Gogoeta egin eta talde batek aurrera egitea erabaki zuen. Hitza sortu zenean izan zen beste aldaketa handi bat, eta bi aukera izan genituen mahai gainean: pertsiana jaitsi ala aldizkaria goitik behera aldatu, osagarritasunaren bila. Bigarren aukeraren aldeko apustua egin genuen, Gorka Zabaletak landutako proiektuari helduta.

2004an etorri zen beharbada inflexio puntua, eta garai berrietara egokituz, webgunea eratu zenuten. Jauzi garrantzitsua, ezta?

Oso garrantzitsua, bai. Urtez urte indarra hartuz joan da, eta gaur egun askoz dedikazio handiagoa eskatzen du aldizkariak baino, ia egunero elikatu behar izaten delako. Diru aldetik ere inbertsio handiak behar ditu webguneak, plataformak eta programak sarri aldatzea eskatzen duelako . Bazkideen ekarpenei esker egiten du aurrera webguneak, eta aurten berriz eguneratu behar dugunez, bazkidetza kanpaina berezi bat prestatzen ari gara.

Sariek eta aipamen bereziek ere beren tartea izan dute. Zer ekarri du horrek lantaldean?

Aurrera egiteko indarra, zalantzarik gabe. Txikiak garela badakigu, baina geure mailan gauza duinak eta kalitatekoak egin ditzakegula frogatu dugu. Komunikazio proiektu gisa aldizkaria eta webgunea ondo uztartzen asmatzea izan da giltzetako bat.

Hainbat ekitaldi antolatu dituzue urtemuga ospatzeko, eta uztailaren 5ean, festa handi batekin amaituko dira ospakizunak. Zein da zuen nahia honi begira?

Herriari esker egin dugu aurrera, eta geure ekarpena egin nahi diogu Zumaiari. Talde eta elkarte asko dago Zumaian, eta komunitate edo sare moduko bat bultzatu nahi dugu, batak bestearen berri izan eta elkarrekin proiektu txikiak eta handiagoak lantzeko. Uztailaren 5ekoa kaleko jaia izango da, goiz eta arratsaldez, eta herri bazkari bat egin nahi dugu tartean.

20 urte bete berritan, Baleike heldutasunera iritsi da edo oraindik gazte dago, eta etorkizunera begira?

Baleike sasoiko dago orain, eta ateak zabalik ditugu odolberritzeko, oraintxe da horretarako une egokia. Beraz, herriko taldeak eta norbanakoak gonbidatu nahi ditugu proposamenak egin ditzaten eta Baleiken parte hartu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide