Arraun Elkartea, ilusioz betetako denboraldiaren atarian

Baleike 2014ko ekainaren 19a

 

Igande honetan hasiko da traineruen denboraldia Zumaian bertan izango den KAE-1eko estropadarekin. 12:00etan izango da. Aurretik, 11:00etan, beteranoen estropada izango da. Ohikoa duen bezala, Zumaiako Arraun Elkarteak denboraldi honetan aterako dituen traineruak eta arraunlari koadrilak aurkeztuko dizkio herriari. 19:00etan izango da, Arranplan, eta Arritxu Iribar Euskadi Irratiko esatariak egingo ditu aurkezle lanak.

Hiru talde izango ditu uretan aurten Zumaiak:

Zumaia Salegi Jatetxea emakumezkoetan, iazko denboraldi bikainari segida emateko asmoz. Badira hutsune batzuk iazko taldetik, baina azkenean lortu da trainerua osatzea. Denboraldi-aurreko estropadetan, Lekeition irabaztea lortu zuten, eta zerbait esan nahi du horrek. Kike Manterola eta Jon Martija izango dira aurten ere entrenatzaileak.

Zumaia KAE 1 Ligan ariko da, iaz San Miguel ligatik jaitsi eta gero. Aro berri baten hasiera da, Patxi Frances entrenatzaile ezagunak eta oparoak hartu baitu taldearen ardura, Rafa Gonzalez Txabarri prestatzaile fisikoaren laguntzaz. Iazko talde ia bera da; berrikuntzak lehen taldean izandako hiruren itzulera izan da, eta Xabier Ostolaza oriotarrarena; eta nola ez, patroitzan ariko den Iñaki Aristi gazte zumaiarra. Emaitza onak lortu ditu denboraldi-aurreko estopadetan, eta ematen du ohorezko txandan lekua izan dezakeela taldeak.

Zumaia B KAE 2an ariko da, eta ia-ia arraunlari guztiak berriak dira. Oso talde garrantzitsua da klubarentzat, arraunlariak egiteko eta osatzeko taldea delako. Ramon Erostarbe patroi beteranoa, hainbat urtez San Pedron ibilia, izango da entrenatzailea eta patroia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide