Mintzalagunek Zuhaitz Gurrutxagaren bisita izan zuten ikasturte amaieran

Baleike 2014ko ekainaren 20a

 

Urola Kostako Mintzalagun Programak iritsi da ikasturte amaierara eta bukaerako festa bezala Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa izan zuten, atzo, Alondegiko ikasgelan.

2009an hasi ziren euskaldun berriak euskaldun zaharrekin elkartu eta asteroko hitzorduak egiten, euskaraz aritzeko. Urte horietan guztietan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako hainbat herritarrek hartu dute parte ekimenean eta une honetan programa osasuntsu dagoela azpimarratzen dute antolatzaileek.

Ikasturte honetan 21 talde elkartu dira astero, euskaraz aritzeko (taldeak 2-5 pertsonakoak dira), 14 talde Zarautzen, 5 Zumaian eta 2 Orion. Guztira 75 pertsona (euskaldun berri eta euskaldun zaharrak) elkartu dira astero.

Ikasturte amaieran ekitaldi bat egin ohi da, mintzalagunak elkartu eta antzerki, hitzaldi edo antzeko emanaldi batez gozatzeko. Ikasturte honen amaierako ekitaldia ekainaren 19an izan da, Zumaiako Alondegian. Oraingoan, Zuhaitz Gurrutxagaren “Futbolisto baten konfidentziak” emanaldia izan zen. 40 lagun inguru elkartu ziren, ikasturteari amaiera emateko.

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen da horrekin? Euskaldun berriak euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du. Euskaldun zaharrak, berriz, euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…

2009an ekin genion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.

Programaren bilakaera ona izan da eta partehartzaile kopuruak gora egin du: ·2009an 41 mintzakide izan genituen, 2010ean 54, 2011n 83, 2012an 76, 2013ko ekainean 67 eta ikasturte honen amaieran 75”.

Izena emandako pertsonak gehiago izan dira urtero, baina askotan izena eman duten euskaldun berriek ez dute talderik izan, nahi (edo ahal) zuten egun eta orduetan talderik ez zegoelako edo ordutegi horretan euskaldun zaharrik ez zegoelako.

Mintzalagunak astero elkartzen dira, euskaraz aritzeko. Hori osatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana egiten dugu (hitzaldi, diaporama, ipuin emanaldia…). Horrekin batera, irteerak ere egiten ditu udaberri aldera (Zumaiako flyscha, txakolindegira bisita) eta eskualdeko kultur emanaldietara joateko sarrerak zozketatzen ditugu mintzalagunen artean (antzerki, kontzertu...).

Udal Elkarteak, udalek eta programa kudeatzen eta bideratzen dugun guztiek gure esker ona adierazi nahi diete 6 urteotan parte hartu duten mintzalagunei, euskaldun zahar eta euskaldun berriei. “Lehendabizikoei beren denbora librean euskaldun berriei laguntzeko egin duten ahaleginarengatik eta euskaldun berriei egin dieten ekarpenagatik. Bigarrenei, euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko egiten ari diren ahaleginarengatik. Eskerrik asko denoi zinez”.

Ikasturtea amaitzear da eta udan etenaldia egingo da. Irailean ekingo zaio 2014-2015ko ikasturteko izen-emateari. Dena dela, informazioa jaso nahi izanez gero, jo honako helbide hauetara:

Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia

Telefonoz: 943 13 01 75

Emailez: urolakosta@aek.org

www.mintzalagun.blogspot.com

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide