Zumaiako Arraun Elkarteak atzo arratsaldean aurkeztu zituen Arranpla parean aurten Zumaiako kamiseta eraman edo eramango dituen arraunlariak. 135 arraunlari inguru bildu ditu Zumaiak denboraldi honetan eta trumoi eta tximistak lagun, beraiek izan ziren protagonistak. Gogoratu igande honetan jokatzen dela KAE 1eko lehen estropada, Zumaian bertan, 12:00etan (ETB 1ek emango du zuzenean). Aurretik, 11:00etan, beteranoak arituko dira eta bertan Zumaia onena eman nahiko du.
Arraun Elkartea, ilusioz betetako denboraldiaren atarian
Patxi Frances: “Jarrera bikaina eta gogo asko dituen talde batekin aurkitu naiz”
Harrobitik hasi eta beteranoetaraino, banan bana aurkeztuak izan ziren arraunlariak bertaratu ziren zaletuen txalo artean. Zumaia-Salegi jatetxea emakumezkoen traineruko entrenatzaile Kike Manterola eta KAE 1 mailan arituko den Zumaiako entrenatzaile Patxi Frances izan ziren Arritxu Iribar esatariaren mikrofonora hurbildu zirenak.
Emakumezkoen traineruak baja batzuk izan ditu iazko taldearekin alderatuta, baina gai izan dira taldea osatzeko. Manterolaren ustetan, indar puntu bat falta zaio iazkoaren parekatuta. "Pasa den urtean taldea eginda zegoen. Aurten goian ibiliko gara, baina agian hurrengo estropadan zaplatekoren bat jasoko dugu".
Patxi Frances arraunlaria izan zen bere garaian Telmo Deunen, baina aurtengoa du lehen denboraldia Zumaiako entrenatzaile bezala. "Gidatzeko erraza" den talde bat duela azpimarratu zuen. Liga honek bere zailtasunak dituela azaldu zuen. "Liga motza da eta ezin da huts bat bera ere egin goian egon nahi bada. Hutsik ezean, goian egongo garelakoan naiz".
Zumaia gorriz janztea nahi du Arraun Elkarteak eta herritarrei zapi eta bandera gorriak jartzera animatu nahi zaie.