Ohorezko txandakoa da Telmo Deun

Baleike 2014ko ekainaren 23a

[/caption]

Zumaian eman zaio hasiera KAE Ligako traineru denboraldiari, Lekeitioren garaipenarekin. Getaria sailkatu da bigarren eta Telmo Deun izan da hirugarren, Ondarroaren aurretik. Aurrez jokatutako beteranoen estropadan Zumaia izan da irabazle, Zierbenaren aurretik. Hemen dauzkazue kronika, sailkapenak eta argazki bilduma.

Aldaketa asko izan ditu Telmo Deunek aurreko denboralditik. Hainbat urte maila gorenean lehiatu ondoren koska bat beherago arituko da aurten, KAE Ligan; entrenatzailea ere aldatu dute, eta arraunlarien artean ere batzuek taldea utzi dute eta beste batzuek etorri dira haien hutsunea betetzera. Normala da, beraz, traineru ligako lehen estropadaren atarian galderak, kezkak, izatea. Estreinakoa etxean egokitu zaie, gainera, eta horrek beti ekartzen du urduritasun gehiago. Baina horiek denak uxatu zituen atzo Telmo Deunek. Bandera nahi zuten eta hori ez zen posible izan, baina jarraitzaileak konforme gelditu dira, aurten taldea aurrekoen borrokan ikusiko duten itxaropenarekin.

Bigarren txandan aritu zen Zumaia, Lekeitio, Santoña eta Oriorekin batera. Zumaia laugarren kaletik eta Lekittarra hirugarrenetik, lehen luzetik tartea egin zuten bi traineruek. Zumaia iritsi zen aurrena lehen ziabogara, bi segundo eskaseko aldearekin. Santoña eta Orio atzean ziren ordurako, hamar bat segundo galduta. Bigarren ziabogara parean sartu ziren Zumaia eta Lekeitio, lehia estuan. Hirugarren luzean, ordea, estropada hautsi zuen Lekeitiok. Ziabogatik indar handiagoz atera eta zazpi segundoko errenta lortu zuen azken luzeari ekiteko. Zumaiak sufritu egin zuen hirugarren luzean, eta ohartzerako ihes egin zion garaipenak. Lekittarrak estropada amaiera zoragarria egin zuen, ababorretik zetorren baga txikian abilezia handia erakutsiz.

Estropadako bigarren postua Getariarentzat izan zen. Getariarrek denborarik onena egin zuten lehen luzean, baina helmugan ezin izan zuten Lekeitioren denbora ondu. Lehen txandan, Donostiarra izan zen onena, Elantxoberekin lehia estuan.

Beteranoen bandera Zumaiarentzat

KAE Ligako estropadaren aurretik jokatu zuen beteranoen bandera. Bederatzi traineru aritu ziren lehian eta denen artean Zumaia izan zen azkarrena, Zierbenarekin lehian. Neguan gogor entrenatu dute eta egutegian gorriz markatuta zeukaten etxeko estropada. Zorionez, dena ezin hobeto atera eta bandera irabazi dute.

Sailkapenak

Zumaiako XXIX. Bandera (KAE Liga)

1.-Lekittarra 20:29.55

2.-Getaria 20:39.73

3.-Zumaia 20:43.39

4.-Ondarroa 20:50.80

5.-Trintxerpe 21:01.59

6.-Donostiarra 21:04.71

7.-Elantxobe 21:05.14

8.-Santoña 21:18.89

9.-San Pedro 21:24.03

10.- Santurtzi 21:28.17

11.-Orio 21:28.33

12.-Castro 21:58.20

Beteranoen Bandera

1.-Zumaia 11:10.6

2.-Zierbena 11:20.5

3.-Getxo 11:37.5

4.-Arkote 11:45.2

5.-Fortuna 11:58.4

6.-Sestao 12:27.9

7.-Zarautz 12:28.9

8.-Deusto-Lutxana 12:50.7

9.-Ibaialde 13:01.0

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide