Aurten lehen aldiz Zubiaunditik jaurtiko dira sanpedroetako su festak (igandean, 23:00etan). Lekua berria da eta segurtasun neurriak ezarri dira ikuskizunaz arazorik gabe gozatzeko. Iaz Sarauneko zabalgunetik jaurti nahi izan zituen Udalak, baina ez zuen Eusko Jaurlaritzako Portuetako Sailaren baimena jaso. Hona hemen Udalak emandako gomendioak:Itsas kiroldegi azpian hesiak jarriko dira segurtasuna bermatzeko, eta herritarrei hesi horiek ez pasatzeko eskatzen zaie. Horretaz aparte, N-634 errepidea itxi egingo da suak irauten duten bitartean. Hau da, 22:55 ingurutik 23:15ak aldera arte.
Herritarren babeserako neurri ezberdin ugari hartuko dira, eta jarritako seinaleak, eta segurtasuna bermatzeko izango diren udaltzainen gomendio eta eskaerak betetzeko eskatzen du Udalak.
Suak dirauten bitartean, ezingo da txaluparekin ibili itsasadarrean, eta itsasontzi edo txalupak eremu horretatik kendu egin beharko dira.
Hauek dira Udalaren gomendioak
• Su artifizialak San Pedrotan ohitura dira, baina su artifizialak arriskutsuak izan daitezke eta erredurak sor ditzakete.
• Ikuskizuna 23:00etan hasiko da. Komenigarria da ordu erdi lehenago Gernika parkera eta Txomin Agirre Kaiara hurbiltzea. Portu eremua denez, uretara erortzeko arriskua dago, beraz ez hurbildu gehiegi ertzera.
• Segurtasuneko pertsonalak agindutakoa bete behar da eta segurtasun oztopoak ez gainditu. Ez zaitez hurbildu suak botatzen ari diren gunera. Izan ere, suak ikusteko distantziarik onena 400 metro-edo gehiago jaurtiketa eremutik aldentzea da.
• Ez ibili haurtxoekin inguruan.
• Ez ibili txalupaz ibaian edo uretan.
• Gaizki aurkituz gero edo zauriren bat izanez gero, hurbildu zaitez anbulantzia dagoen gunera.
• Suak botatzerakoan ohikoa da errautsak erortzea. Begietan sartuz gero, urarekin garbitu eta ez igurtzi.
• Arraroa izan arren, su artifizialen osagarriren bat lurrera eroriz gero esplotatu gabe, ez ukitu, eta ez ostikadarik eman. Abisatu lehenbailehen udaltzaingoari edo suhiltzaileei. Inoiz ez maneiatu.