Pulpoko talde gehienek amaitu dute denboraldia eta zuzendaritzak balorazio positiboa egin du. Gizonezkoen lehen taldeak mailari eutsi dio eta Lehen Mailan jokatuko du datorren denboraldia, 16. urtez jarraian. Gazte mailetan ere lorpen handiak lortu dira, eta uztailean lau jokalari izango dira ziurrenik Espainiako selekzioan.
Jubenil mailako mutilek eta infantil mailako neskek maila handia erakutsi dute, Euskadiko Txapelketa irabazita. Talde nagusiak, Bigara Pulpok, maila eutsi dio eta Lehen Mailan izango da, dagoeneko 16. urtez segidan. Xabier Letamendiak hartuko du taldearen ardura, eta espero da plantilan gorabehera handirik ez izatea.
Datorren urtean berriro 18 talde izango ditu Pulpok, ia 300 jokalari. Horiek guztiak aurrera ateratzeko denen laguntza behar izaten da eta zuzendaritzak eskerrak eman nahi dizkie modu batera edo bestera parte hartzen duten guztiei.
Espainiako selekziora
Ander Olaizola kadeteak eta Ioritz Manterola eta Sara Torriko infantilek uztailean Espainiako selekzioarekin aritzeko deia jaso dute. Gainera, Kauldi Odriozolak ere Espainiako selekzioaren deia jaso dezake Poloniako Europako Txapelketa jokatzeko, jubenil mailakoa. Klubeko gazteen artean dagoen mailaren adierazle.
Bigarren urteko neska infantilak eta mutil kadeteak Toledon izango dira ostegunetik aurrera, denboraldiko azken torneoa jokatzeko. Besteak beste, Portugal eta Aljeriako taldeak izango dituzte aurkarien artean.