“Asko aldatu da futbola 25 urte hauetan”

Baleike 2014ko ekainaren 28a

Duela 25 urte Hirugaren Mailarako igoera lortu zuen Zumaiako Futbol Taldeak. Denboraldi gogoangarri hartako bizipenak eta pasadizoak kontatu dizkigu talde hartako jokalari Joakin Gorostolak.

Igoeraren aurreko urteetan Zumaiakok jende gutxi zeukan lehen taldea osatzeko. Artean jubenilak ziren jokalari batzuk igo behar izan zituzten lehen taldera. Belaunaldi hartakoa dira Gorostola, Vazquez, Zuazobide, Albizu, Zumeta... Gazte haiekin batera, beteranoak zeuden, Nolaskoain, Gonzalo, Arrona… Eta, etxekoekin batera, kanpotik ekarritako jokalariren bat ere bazen taldean; esate baterako, Jokin Aperribai atezaina, Esteban Etxaniz eta Jon Imanol.

“Jubeniletatik igo eta lehen hiru lau urteak ez ziren errazak izan. Batzuk 17-18 urte genituen eta gu baino hamar urte zaharragoen kontra jokatzen genuen. Futbola lehen askoz fisikoagoa zen, gogorra, eta indarra behar zen. Maila galtzeko zorian ere izan ginen hasierako urteetan”, gogoratu du Joakin Gorostolak (Zumaia, 1967). Baina gero mailari neurria hartu eta gora egin zuen taldeak. “Bost urte behar izan genituen esperientzia hartzeko”.

1987-1988 denboraldian bigarren amaitu zuten liga, eta Preferente mailatik Hirugarren Mailara igotzeko promozioa jokatu zuten, Bizkaiko eta Arabako bigarren sailkatuen aurka. Lehen aldi hartan ez zuten helburua, ligaxkan bigarren gelditu ziren.

Getxoko azken partida

1988-1989 denboraldiko liga amaiera ezin estuagoa izan zen. Hamar jardunaldiren faltan, Elgoibarrek puntu bakarreko aldea ateratzen zion Zumaiakori. Bada, azken hamar partidak irabazi zituzten bi taldeek, eta sailkapena halaxe gelditu zen, Elgoibar aurretik puntu bakarreko aldearekin. Elgoibarrek lortu zuen zuzenean mailaz igotzea eta Zumaiakori berriro promozioa jokatzea egokitu zitzaion. “Arabatik Gasteizko San Ignacio eta Bizkaitik Getxo izan genituen aurkari. Getxo orduan Athleticeko harrobiko taldea zen, Lezamatik ateratzen zituen gazteak eta jokalari betaranoak zeuzkan. Aurkari gogorra zen”.

Ligaxkako azken partida ekainaren 28an jokatu zuten, Getxon. Bi taldeak puntu eta goletara berdinduta iritsi ziren. Derrigor irabazi beharra zegoen. “Imajinatu Getxoko futbolzelaia jendez gainezka. Bi mila edo hiru mila lagun izango ziren han. Guk 200 edo 300 lagunen aurrean jokatzen genuen Aita Marin… Getxokoek ez zuten imajinatu ere egiten partida hura gal zezaketenik”. Baina partida hasi orduko, Zumaiakoren gola: “0-1 aurreratu ginen, neuk egindako golarekin. Gero, atsedenaldia baino lehen, banako berdinketa lortu zuen Getxok. Gaur Realeko presidente den Jokin Aperribai zen gure atezaina. Beti ukatu du, baina, egia esan, huts egite handi samarra egin zuen…”.

Hasi zen bigarren zatia eta ordu laurdenera Zumaiakoren bigarrena etorri zen. “Gonzalok egin zuen, areaz kanpotik. Sekulako gola. Handik aurrera, partida amaieran ez ginen ia areatik atera ere egin. Getxok asko estutu zuen, zutoinera ere joan zen baloiren bat, epaileak hamar minutuz luzatu zuen partida, baina ez zuten golik egin eta geuk irabazi genuen, geuk lortu genuen mailaz igotzeko txartela”. Partida amaitu bezain pronto, Zumaiatik lau autobusetan joandako jarratzaileek zelaira egin zuten salto eta eromena hasi zen. “Guk ez geneukan ezer garaipena ospatzeko, baina orduan zuzendaritzan zegoen Antonio Huertosek ikusi zituen txoko batean Getxokoek gordeta zeuzkaten txanpain botilak eta, ezer esan gabe, haiek hartu eta hala ospatu genuen, getxoztarren txanpainarekin. Gero Zumaian sekulako harrera egin zigun herriak, Kontxa balitz bezala”.

Hirugarren Mailan

Hirugarren mailan denboraldi bakarra egin zuen taldeak. “Maila handiegia zegoen orduan. Alavesen lehen taldea egokitu zitzaigun, Real Union, Amorebieta… Jokalari batzuk ekarri ziren taldea indartzeko, Arregi getariarra adibidez, baina ez zen posible izan. Taldeari esperientzia falta zitzaion Hirugarren Mailan”. Gol zaparradarik ez zuten jaso, baina ezin partidak aurrera atera. “Denboraldiko lehen partida irabazi genuen, etxean, Amorebietaren aurka, 2-1. Bada, lehen itzuli osoan ez genuen besterik irabazi. Hutsean edo bana berdindu, 0-1 galdu, 1-2… Bigarren itzuliaren hasieran irabazi genuen bigarren partida, berriro Amorebietaren aurka”.

Maila galdu eta Preferenten jarraitu zuen talde hark beste bizpahiru urtez. Urteek aurrera egin ahala, orduan lortutako igoera hark duen garrantzia handiagotuz joan da, Zumaiakok ez baitu sekula maila hura lortu. “Futbola asko aldatu da 25 urte hauetan. Jokalekutik hasita. Guk belar naturala geneukan, baina zelai gehienak hartxintarra edo lurra zeukaten, eta horrek entrenatzeko eta jokatzeko modua erabat baldintzatzen du. Gaur egun zelaiak kautxozkoak dira, futbola askoz azkarragoa da, teknikoagoa. Gure garaian indarra zen garrantzitsuena. Bizpahiru lagun zeuden baloiarekin trebeak zirenak. Gaur egun jokalariak askoz hobeak dira, hobeto prestatuta daude. Egia da Zumaian belaunaldi hura bezalakorik ez dela berriro agertu, baina orain aukerak izan ditzakegu 1994ko belaunaldiarekin. Badaude zazpi edo zortzi jokalari Zumaiatik kanpo jokatzen ari direnak, maila onekoak. Bizpahiru urtean Zumaiara ekartzeko gai bagara, orduan talde polita osatzeko moduan ginateke”.

Ustekabeko oparia Jokin Aperribairentzat

Duela 25 urte Getxon jokatutako azken partida hura norbaitek bideoan grabatu zuela bazekien Joakin Gorostolak, baina zinta lortu ezinik ibili da urte askoan. “Duela urte eta erdi, Eibarren semearen partida batean nengoela, Getxoko guraso batzukin topo egin nuen eta komentatu egin nien. Batek esan zidan bazekiela nori galdetu, baina ez zidala ezer agintzen. Esperantza handirik ez neukan, baina halako batean, partidaren zinta agertu eta kopia bat helarazi zidaten. Ez dakizue zer poza! Etxean ikusten hasi eta ia negar malkoak atera zitzaizkidan”.

Realeko presidente Jokin Aperribairen urtebetetzea gertu zegoela-eta hari kopia bat oparitzea pentsatu zuen Gorostolak. “Emazteari bidali nion, hark eman ziezaion urtebetetze egunean. Zorrotik atera zuenean ezin omen zuen sinetsi. Zinta hartu eta bi semeekin –atezainak dira biak– ikusi omen zuen etxeko telebistan. Gero deitu zidan, eskerrak emateko eta sekulako ezustekoa izan zela adierazteko. Nik aprobetxatu nuen pixka bat zirikatu eta galdetzeko, bideoa ikusi eta gero, ez ote zuen behingoz onartuko Getxoren gola bere huts egitea izan zenik… Haizea hartzera bidali ninduen, barre artean”.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide