VI. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa uztailaren 13an jokatuko da eta azken bi edizioen ezaugarriak izango ditu: Espainiako Koparako puntuagarria izango da, bi ibilbide izango ditu –31 kilometrokoa luzea eta 15ekoa motza–, eta Espainiako autonomietako selekzioek hartuko dute parte, beste hainbat korrikalarirekin batera. Berrikuntzak, ordea, 2015ean etor daitezke. Eta ez nolanahikoak, Munduko Kopako proba izateko aukera handiak baitaude.
Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren seigarren aldia jokatuko da uztailaren 13an. Lasterketa dagoeneko egonkortuta dago mendi lasterketen zirkuituan, eta aurten ere Espainiako Koparako puntuagarria izango da. Ibilbideari dagokionez ere ez dago aldaketarik, eta korrikalariek bi distantzia izango dituzte aukeran: 31 kilometroko luzea eta 15 kilometroko motza. Oraindik ere zabalik dago izena emateko aukera, herrikrossa.com webgunean. Antolaketari dagokionez, kirolarien segurtasuna eta osasuna bermatzeko mediku taldea indartzeko ahalegina egin da. Orain arte lasterketan mediku bakarra izan da, baina aurten lau izango dira, hiru erizain eta lau soroslerekin batera. Bi anbulantzia egongo dira, noranahiko ibilgailu bat, eta zenbait auto ibilbidean zehar.
Parte-hartzaileen zerrendari dagokionez, gizonezkoetan aipatzekoa da Raul Garcia Zumaian izango dela berriro, azken bi edizioetan kale egin eta gero. Garciak lehen bi urteetan irabazi zuen eta berriro onenen lehian egon nahi du. Emakumezkoetan, Ana Conde eta Maite Mayora garaipenerako hautagaien artean daude.
2015ean, Munduko Kopa
Lehen ediziotik Zumaia Flysch Traileko antolatzaileen nahia izan da lasterketak ahalik eta maila handiena lortzea, "Zumaiaren izena zabaltzeko eta goi mailako kirol ekitaldi bat antolatzeko herrian". Azken bi urteotan hainbat saio egin dituzte Europako Kopan sartzeko, baina zailtasun handiak aurkitu dituzte. Nazioartera zabaltzeko asmoan ez dute etsi, ordea, eta badirudi Munduko Kopan sartzeko leiho bat zabaldu dela. "ISF (International Skyrunning Federation) erakundeak Munduko kopa nagusia antolatzen du, eta hor dago Zegama-Aizkorri. Baina badago beste kopa bat, sei probez osatua, eta hor izan dezakegu lekua. Munduko Kopako txapelduna erabakitzeko puntuagarriak dira bi mailetako probak", azaldu digu Flysch Traileko antolatzaile Bosco Garitanok.
Dagoeneko harremanak nahikoa aurreratuta daude eta azken ebaluaketa baino ez da falta. Erabakia irailean jakingo da. Munduko Kopan sartzeko ibilbidea luzatu egin beharko da: "Andutzera luzatu beharko genuke, 42 kilometro inguru lortu eta lasterketa gogortzeko. Gainontzean, ibilbide berbera litzateke". Antolatzaileen hasierako asmoa ez da Munduko Kopan urtero parte hartzea, ahalegin handia delako. "Hiru edo lau urtetik behin izango litzateke. Munduko Kopa antolatzen den urtean, gainera, orain arteko beste bi distantziak mantenduko genituzke. Hiru lasterketa izango lirateke egun berean". Aurkezpenean izan diren erakundeen babesa jaso du proiektuak. Hala ere, antolatzaileek aitortu dute oraindik ondo aztertu behar dutela Munduko Kopako proba antolatzeak zenbateko ahalegina eskatuko duen, azken erabakia hartu baino lehen.