Zumaiako EHBilduren erantzuna Euskararen Aholku Batzordeari

Baleike 2014ko uztailaren 15a

Euskararen Aholku Batzordetik bidalitako gonbidapenaren aurrean, honako hau adierazi nahi izan du Zumaiako EHBilduk, ohar baten bidez:1. EHBildurentzat lehentasunezko gaia da euskararen normalizazioarena. Euskara da gure hizkuntza, eta gure bizitza euskaraz egin nahi dugu. Horretarako, behar den guztia egiteko prest gaude egunero.

2. Zumaiako EHBilduren zerrendan hautagai izateko ezinbestekoa da hautagaia euskalduna izatea. Beraz, EHBilduko ZERRENDAKIDE GUZTIAK, lehenengotik azkenengora, euskaldunak izateko konpromisoa hartzen dugu.

3. Zumaia herri euskalduna da, eta, gure ustez, herritarren ordezkari izateko aurkezten den hautagai orok euskara menperatu beharko luke (ulertzetik haratago, hitz egiten jakin, eta, batez ere, erabili).

4. Horretaz gain, Zumaiako EHBildun euskaraz egiten ditugu gure arteko bilera guztiak, eta etorkizunean ere horrela egiten jarraitzeko asmoa dugu. Bilerez gain, kaleratzen ditugun kartel, eskuorri, prentsa-ohar, aldizkari, etab.etan euskarari lehentasuna eman ohi zaio, eta, ahal den guztietan, euskara hutsean kaleratzen dira. Etorkizunean ere horrela jarraitzeko konpromisoa dugu.

5. Azkenik, Euskararen Aholku Batzordeak egiten duen lana txalotu eta eskertu nahi dugu, Zumaia erabat euskalduntzeko oraindik falta zaizkigun urratsak ematen laguntzeko."

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide