Larunbatean egingo da Mugarrien ibilbidea

Baleike 2014ko uztailaren 17a

Zumaiako mugarriak lotzen dituen egun osoko mendi buelta egingo da larunbatean, goizeko 7:30ean hasita –Ardantzabidetik abiatuko da, parrokia paretik–. Zumaiako mugetatik atera gabe abentura eder bat bizitzeko aukera bikaina da, Zumaiako hamaika leku ezkutu ezagutzeko aukera ematen du eta.Inguruko herriekin alderatuta Zumaia azalera txikiko herria den arren, bere mugen barruan badaude hamaika txoko eder ezkutuan. 2011tik urtero egiten den mugarrien ibilbidea da haiek ezagutzeko aukerarik onena, Zumaiako muga lerroari jarraitzen dion 32 kilometroko ibilbidea. Egun osoko abentura herritik atera gabe.

Imanol Azkueri bururatu zitzaion ideia, anaia Xabierrekin batera Zumaiako toponimia aztertzen ari zirela. “Zumaiako mugei buruzkoa izan zen liburuko ataletako bat. Zumaiak inguruko herriekin dauzkan mugak ikusita, pentsatu nuen denak ibilbide batean lotzeko aukera zegoela”, azaldu du Imanol Azkuek. Pentsatu eta egin. Aldundiak mugei buruz daukan informaziotik abiatuta, mugarriak lokalizatu eta haiek lotuko zituen ibilbidea marrazteari ekin zion. “Batera eta bestera ibili nintzen mugarrien bila. Azkenean 17 aurkitu nituen eta haiekin osatu nuen lehen ibilbidea”.

Ibilbidea prest, 2011ko udazkenean luzatu zuen proposamena baleike.com-eko komunitatean daukan Ateki blogean. Deialdia luzatu, hitzordua jarri, eta 20 bat lagun bildu ziren lehen aldi hartan. “Euria gogotik egin zigun, egun osoan, baina parte hartu zuen jendearentzat esperientzia ederra izan zen. Ez dakigu zer daukagun etxean bertan. Konturatu ziren Zumaia uste baino zabalagoa dela, eta ezagutzen ez ditugun bazter ederrak dauzkala”. Erantzuna eta emaitza ikusita, urtero antolatzea erabaki zuen.

Orduz geroztik mugarri gehiago aurkitu dituzte. “Ibilbidean parte hartu duen jendeari jakinmina piztu zaio, eta bat baino gehiago ibili da mugarri bila. Aurten, esate baterako, bi mugarri berri izango ditugu ibilbidean, Inaxio Lopetegi eta Karmelo Arroiaberi esker”. Ibilbidea, gainera, aukera bikaina da Zumaiari buruzko kontu interesgarriak ezagutzeko: “Mugarrien aitzakian bati dago herriarekin lotutako kontuak ikasteko aukera, baina ez zait gustatzen jendea kontu zaharrekin gehiegi nekatzea… Politena da baten eta bestearen ekarpenak entzutea”.

Ibilbidean parte hartzeko nahikoa da larunbatean goizeko 7:30erako Ardantzabidera agertzea, parrokia azpira. Hori bai, bazkaria Elkanon egiten dute eta komeni da aurrez jakinaraztea, lekua gordetzeko (ateki@hotmail.com).

Mugarrien ibilbidea

Noiz: uztailaren 19an

Hitzordua: 7:30ean, Ardantzabiden, parrokia azpian.

2013ko datuak:

Distantzia: 32 kilometro

Desnibela: 1.270 metro

Igarotako denbora: 10 ordu eta 19 minutu

Martxan eginiko denbora: 7 ordu eta 19 minutu

Geldirik egindako denbora: 3 ordu

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide