Erabakita gelditu dira Dinastia Etxabeko finalak jokatu dituzten lau bikoteak

Baleike 2014ko abuztuaren 22a

Atzo iluntzean jokatu ziren aurtengo Dinastia Etxabe txapelketako finalak erabakitzeko falta ziren bi finalaurrekoak. Jubeniletan Etxebarriak eta Salegik lortu zuten txartela, Matxinandiarena eta Urizarri 22 eta 19 irabazita. Finala Elordi eta Otaduyren aurka jokatuko dute. Maila nagusian, E. Labakak eta Irustak jokatuko dute finala, Ansa eta Atxari 22 eta 12 irabazi ondoren. Azketa eta Aizpuru izango dituzte aurkari azken partidan. Bi finalak datorren ostegunean jokatuko dira, hilaren 28an, 22:00etan hasita, Zestoako pilotalekuan. Hona hemen Jexux Iribar Olaldek atzo gaueko partidaz egindako kronika:Asteartean bigarren partidura arte egotea tokatu bazitzaigun pilota ikuskizun eder bat dastatzeko, atzo lehenengoak ere eman zigun halako gozatu aldi eder bat. Hauexek jokatutako bi norgehiagoketako emaitzak:

1. ETXEBARRIA-SALEGI…………22 / MATXINANDIARENA-URIZAR…19

2. E.LABAKA-IRUSTA…………….22 / ANSA-ATXA……………………………12

Sarreran azpimarratu bezela norgehiagoka ederra hasierako partidan gazte mailako pilotariak eskeini zigutena, maila onean eta parekotasun haundiarekin jokatua. Zulo haundirik ireki gabe baina hamargarren tantoraino markagailuan aurretik joan ziren gerriko gorridunak. Hemen elkarrekin topo egin ostean, eta 13, 14, 15, 16 eta 17ko paradetan ere berdinduta egon ondoren, 20 eta 17 berriro aurreratu zen Etxebarria-Salegi bikotea. Gerriko urdinekoak bi tanto jarraian eta Matxinandiarenak hirugarrena egin eta markagilua beste behin ere berdintzeko aukera paregabea  izanik, gaizki egindako hormabiko batekin 21garrena gorrientzat. Etxebarriaren azken sake zital bat eta Matxinandiarenaren airez ekartzeko ahalegin galdu baten ondoren 22garrena eta finalerako txartela bikote bezela ondo moldatu ziren Nabarniz eta Itziarko pilotariarentzat.

Banan banan aipatuz, Aitor Etxebarriaren lan ona azpimarratu behar, beste behin ere zegokion erantzunkizuna hartuaz hasiera hasieratik, bai sakearekin, bizi astinduz pilota ateratzea zegokionean, eta kupirarik gabe airez sartuaz aurkariarenak ekartzen, bai gainontzeko jokamoldetan, atzelariari lagundu eta honi ere luzitzeko aukerak emanez eta eraso lanetan ere era denetako tantoak eginez. Aukera garbiko ez ziren pilotekin ere arriskatu eta tanto ikusgarriak egin zituen, bederatzi denetara eta sei galdu, baina hauetako lau erasoko pilotekin. Maisutasunez jokatuz benetan bikain Narbaznizko aurrelaria atzo ere.

Bere bikote lagun Unai Salegik ere ondo jokatu zuen, aurreko partidan baino lasaixeago atera ere bai, behar bada, eta, pilota gutxiago galtzeaz gain, gogotsu eman zion atzo pilotari, ezker eskubi onak erakutsiaz pilota ekarri behar zen garaian eta atzetik aurrera etorriaz bizi emanez eskubiarekin aukerako pilotak egokitzen zitzaizkionean. Bi tanto egin zituen atzean bazterreratutako pilotakadekin. Ondo, bai, Zestoako Pilota Elkarteko itziartar pilotari apala, bere lehenengo parte hartzean, eta bere zaletuen aurrean, txapela janzteko ahaleginetan arituko dena.

Bikote galtzailearen aldetik azpimarratzekoa Iban Matxinandiarena aurrelariaren behar hainbesteko eraginkortasun falta tantoa egiteko aukerako jokaldietan. Hauetan baino, erasotuak zetozkion pilotetan kontrara jokatuz tanto gehiago egin zuela esango bagenu oker haundirik ez ziur aski, tantoa egiteko hiruzpalau aukera garbi alperrik galdu zituelarik. Mermatua ekarri zuen bere esku on eskubiak ere zer ikusia izango zuen bai eraginkortasun falta horretan. Ahalegindu zen baina etzitzaizkion gauzak nahi bezain ondo atera, eta atzo denaren beharra zegon norgehiagoka irabazi eta finalera pasa nahi bazen. Zazpi tanto egin eta bost galdu Zegamako aurrelariak.

Aipaturiko gabezi horren ondorioz finala jokatzeko aukerarik gabe geldituko zena baita ere, bere bikote lagun Mikel Urizar atzelaria. Irabazleei meriturik kendu gabe noski, beldurrik gabe esango genuke markinarrak ez zuela merezi atzo norgehiagoka galtzea, partidu bikaina benetan berak egindakoa. Lan asko egitea tokatu zitzaion eta ia dena ondo egin zuela esan behar. Etxebarriaren bi sake gaizto ez ekartzea eta Salegiren pilotakada bati airez erantzun ez izana ordu betetik gorako norgehiagoka latz batean berak egindako oker guzia. A zer nolako pilotak ekarri zituen ezkerrarekin, eta bat baino gehiago errebote zulotik! Baina ez ekarri bakarrik, eman ere latz egin zion pilotari, eta ez hanka geldian, atzetik aurrera etorriaz abiada hartu eta gerria majo sartuaz pilotari min emanez. Baina atzo horrekin bakarrik ez izan nahikoa nonbait. Salegi atzelari aurkariak ondo erantzun zion bere eraso jokoari eta tantorik galtzen ez denean egitean dago gakoa, eta hor gerriko gorridunak gehiago izan ziren. Nahiz eta pena haundiz gelditu atzo galdu izanagatik, gustora egoteko moduan da Markinako gazte mailako lehen urteko pilotaria aurtengo bere lehen partehartzean egindako joku mailarekin.

Maila nagusia

23 urte arteko nagusi mailako norgehiagokak denetik izan zuen, baina partidu ona izateko tanto asko galdutakoak: 34tik 21. Nahiz eta hasieran galdutako lauak bereak izan, Aitor Irusta izan zen, eta besterik galdu gabe, pilotarik onena zalantzarik gabe. Goitik behera agindu zuen atzeko koadroetan pilotari asko emanez, eskubiarekin ondo luzatu eta moztuaz bazterrera, eta ezkerrarekin bikain, ezker hormaren kontra jo eta zuzen hormaren kontra ia erreboteraino atzeratutako pilotakada bat ere bidali zuelarik. Gustagarria eta dotorea benetan Munitibarko pilotari hauxe, eta eskubiarekin pilota gehixeago libratzea bakarrik falta zaiona salto erabakior bat egiteko bere pilotari ibibidean. Bi tanto egin zituen atzera luzatutako pilotakadaz.

Eneko Labaka bere aurrelariak sei tanto eder egin zituen, bi ezkerrez txokoan hormaren kontra bidaliaz, beste bi ezker gantxoz, eta zabalean egindako beste bi, hormabiak jota bat eta moztuta dejadaz bestea. Eskuetatik juxtu hau ere eta askoz gehiago ezin egin.

Asier Ansa etorri zen Arrieta hernaniarra ordezkatzera, hau ere eskuetako arazoakin izanik, eta pilotaria dela esan behar altsasuarra. 20 urteko aurrelari hau bere onenera etorri gabe dagoela esango genuke oraindik baina, postura denetan suelto eta errez jotzen du pilota, eta ziur bere joko maila igotzen joango dela. Hiru tanto egin zituen ezker airez, bi txokoan utzita eta bat zabalera gurutzatuz. Galdutakoak sei.

Bere bikote lagun Unai Atxak ere pilota gehitxo galdu zuen, sei baita ere. Ez zen eroso ibili, Irustak markatutako musikaren konpasera pausoak behar bezela egokitu ezinez edo. Pilota abiadan etortzen zitzaion eta behar bezela neurria ez hartzeagatik frontisetik gora joan zitzaizkion galdutako gehienak. Indarrez osatua baina, aipaturiko neurri hartze edo kokapen punttu hori lortzeaz gain, aukerako pilotetan besoa gehiago libratu behar luke behar bada, pilotari min gehiago egin ahal izateko.

Eta besterik ez atzokotaz. Datorren ostegunean, Abuztuak 28an, jokatuko dira finalak eta hauexek aukera hori daukaten pilotariak:

Jubenil edo gazte mailan, ELORDI-OTADUY / ETXEBARRIA-SALEGI

Nagusi, 23 urte arteko, mailan, AZKETA-AIZPURU / E.LABAKA-IRUSTA

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide