Maila bikaina erakutsi du Pulpoko jokalari Kauldi Odriozolak Polonian amaitu berri den 18 urtez azpikoen Europako Eskubaloi Txapelketan. Gainera, sari handi batekin dator etxera, brontzezko domina irabazi baitu Espainiak, Danimarka 27-21 mendean hartuta, eta txapelketako eskuin hegaleko onena aukeratu dute.
Erronka zen Kauldi Odriozolarentzat Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketa jokatzea. "Horrelako aukerak bizitzan oso gutxitan izaten dira, eta aprobetxatu nahi dut", esan zigun abiatu aurretik. Bai aprobetxatu ere. Maila bikaina erakutsi du txapelketa osoan, Alberto Suarez hautatzailearen konfiantza erabat bereganatu du, eta minutu asko jokatzeko aukera izan du. Frantziaren aurkako finalaurrekoan bost gol egin bazituen, atzo beste lau egin zizkion Danimarkari. Guztira, txapelketako sei partideta, 19 gol egin ditu zumaiarrak. Ondorioz, txapelketako zazpiko onenean aukeratu dute, eskuin hegalean. Sekulakoa.
Finalari dagokionez, Frantziak lortu du urrezko domina, Hungariari 33-30 irabazita.