KAE1 Ligako azken estropada erabakigarria jokatu zen atzo Trintxerpen. Telmo Deun lidertzan iritsi zen, lan ona egin eta Ligako garaipenarekin lana borobiltzeko intentzioarekin, baina udako egunik okerrena izan zuten atzo. Bosgarren amaitu zuten eta Getariarentzat da Liga. Hala ere, albiste pozgarririk izan zen Trintxerpen, emakumezkoek bandera irabazi baitzuten Gipuzkoako Ligako azken estropadan.
Agian egunik txarrenean etorri da denboraldiko emaitzarik kaskarrena. Zumaiak atzo ez zuen esperotako maila eman eta burumakur etxeratu ziren arraunlari eta jarraitzaileak. Getaria –bandera eta Liga–, Ondarroa, Lekittarra eta Donostiarra izan zituzten aurretik, eta hori ez da uda osoan gertatu. Atzoko kolpeak zapore garratza utzi duen arren, goraipatzekoa da Telmo Deunek osatu duen Liga. Inork gutxik espero zuen ekainean lau bandera irabazi eta TKE Ligara igotzeko kanporaketarako sailkatu zirenik. Bi estropadetan izan ezik –Ondarroan laugarren eta atzo bosgarren–, beti izan dira hiru onenen artean.
Orain Kontxarako sailkatze estropada eta, batik bat, mailaz igotzeko kanporaketa ahalik eta ondoren prestatzea izango dute helburu.
Emakumeentzat bandera
Behetik gora nabarmen datorrena emakumeen trainerua da. Uztailean bizpahiru talde izan zituzten aurretik, abuztuan koska bat egin dute gora eta bigarren izan dira Euskotreneko eta Gipuzkoako Ligako estropada guztietan, eta atzo Trintxerpen azken urratsa egin eta bandera irabazi dute, Hibaika eta San Juanen aurretik. Kontxako Banderarako saio puntu onenean izango dira, iazko garaipena gogor defenditzeko prest.
KAE1
Trintxerpeko Bandera
1. Getaria 19:58,32 12
2. Ondarroa 20:05,30 11
3. Lekittarra 20:08,84 10
4. Donostiarra 20:14,06 9
5. Zumaia 20:17,04 8
6. Elantxobe 20:21,26 7
7. Trintxerpe 20:30,28 6
8. Santurtzi 20:49,10 5
9. Santoña 21:03,10 4
10. San Pedro 21:14,20 3
11. Castro 21:19,52 2
12. Orio Deskalifikatua
Sailkapen nagusia
1. Getaria 131 puntu
2. Zumaia 128
3. Lekittarra 123
4. Ondarroa 108
5. Donostiarra 89
6. Elantxobe 75
7. Trintxerpe 73
8. Santurtzi 57
9. Orio 53
10. Santoña 52
11. San Pedro 32
12. Castro 14
Gipuzkoako Liga
Trintxerpeko Bandera
1. Zumaia 10:34
2. Hibaika 10:36
3. San Juan 10:39
4. Orio 10:47
5. Getaria-Zarautz 11:14
6. Santoña 12:04
Sailkapen nagusia
1. San Juan 42 puntu
2. Zumaia 37
3. Hibaika 36
4. Orio 29
5. Getaria-Zarautz 16
6. Santoña 8