Abuztuko azken asteburuan hainbat ekintza burutu dira "Babestu ditzagun Santiagoko altxorrak" kanpainaren baitan.
Larunbatean Santiagoko dunak eta padura ezagutzeko bisita gidatua gauzatu zen. Besteak beste, Urola itsasadarreko kontserbazio Bereziko Eremuko Plan Bereziaren inguruko azalpenak eskaini ziren herritarrentzat, eta dunako ezaugarrien eta landareen inguruko azalpenak ere eman ziren. Igandean berriz, haurrentzako tailer didaktiko bat burutu zen hondartzan bertan. Santiagoko altxorrak babesteko hartu beharreko jokaera egokiak proposatu ziren haurrekin. Mahai eta panelen bidez Urola itsasadarreko ekosistema bakoitzean bizi diren animali eta landareen marrazkiak kokatu ziren. Itsasoan aurkitzen den zaborra ikusi eta sailkatu, eta azkenik, munduko hainbat hondar mota ikusi eta luparekin behatzeko aukera izan zuten haurrek.