Gaur arratsaldean jokatuko dira Kontxako Banderarako sailkatze estropadak, emakumeena aurrena (17:30ean) eta gizonezkoena ondoren (18:00etan). Telmo Deunek bietan izango du traineru bana.
Gizonezkoen estropadan parte hartuko duten 24 traineruek egingo dute amets hurrengo bi igandeetan Kontxako Banderan parte hartzeko aukerarekin, baina garesti dago oso. Hondarribiak, Oriok, Urdaibaik eta Kaikuk uda osoan erakutsi dute koska bat gorago daudela eta, okerrik ezean, barruan beharko lukete. Beste hiru postuetarako lehian talde askok izan dezakete aukera. TKE Ligakoek dute, teorian, gaitasun gehiago: San Juan, Cabo da Cruz, Portugalete, San Pedro... Baina KAE1ekoak ere saiatuko dira lan ona egiten, aukera parean jarriz gero aprobetxatzeko. Egia da Getariak eta Zumaiak mailaz igotzeko kanporaketa dutela denboraldi amaierako helburu nagusi, baina saiatu saiatuko dira ezustea ematen.
Emakumezkoen kasuan, zortzi dira parte hartuko duten traineruak, lau postu jokoan. San Juanek, Hibaikak eta Zumaiak txartela lortuko dute dena normal joanez gero, eta azken postua Orio eta Meiraren artean egon daiteke. Cabo da Cruz, Santoña eta Getaria-Zarautz dira beste hiru lehiakideak. San Juan eta Hibaika dira aurtengo faborito nagusiak, baina Zumaiak goranzko bidea erakutsi du abuztuan, Gipuzkoako Ligako azken bandera irabazi zuen, eta iaz lortutako bandera defenditzeko prest daude.