Inoiz baino parte-hartzaile gehiago izango dira larunbatean (15:30ean) Zumaiako Triatloian. Esprint distantziako proba Euskadiko Txapelketa izango da, 360 parte hartzailerekin. Aurretik, 14:15ean, beste 160 triatloilari izango dira proba herrikoian. Andoni Agirre antolatzaileak sendotuta ikusten du Zumaiako Triatloia: "Jendeak erantzuten duten bitartean gu prest gaude lanean segitzeko”.
Informazio praktikoa: ezaugarriak, jakin beharrekoak, trafiko mozketak...
Hirugarren urtea du Zumaiako Triatloiak aro berria abiatu zuenetik. Bost urtez jokatu zen distantzia olinpiarrean (2004-2008) eta, bi urteko etenaldiaren ostean, lan talde berri batek hartu zuen ardura. “Orduan erronka handia zen guretzat, eta erabaki genuen proba apalago batekin hastea, ikusteko gai ote ginen hura aurrera ateratzeko”, azaldu du Zumaiako Triatloiko antolatzaile Andoni Agirrek. Hasteko, elite mailako proba esprinteko distantziara jaistea erabaki zuten: 750 metro igeri, 20 kilometro bizikletaz eta hamar korrika. “Horrek antolaketa errazten du distantzia olinpiarraren aldean”.
Baina beste ezaugarri bat ere eman zioten triatloiari: proba herrikoia sortu zuten. “Ikusi genuen herri mailako kirolariei aukera eman behar zitzaiela triatloia probatzeko, ikus zezaten gai direla triatloia egiteko. Orduan Hondarribian eta Donostian bakarrik antolatzen ziren triatloi herrikoiak. Iruditu zitzaigun bide egokia izan zitekeela jendea triatloira erakartzeko. Bestela, oso zaila da elite mailan zuzenean hastea”. Eta erantzuna espero ez bezalakoa izan zen: “Izen-ematea segituan bete zen. Elite proba egin beharra dago, baina herrikoiak beste berotasun bat ematen dio triatloiari. Asmatu egin genuen eta jarraituko dugu aurrerantzean ere”.
Aurreko bi urteetako esperientziarekin, hasi dira pixkanaka urratsak egiten. “Iaz Gipuzkoako Txapelketa izan zen eta aurten Euskadikoa antolatzeko eskaera egin eta onartu digute. Esprinteko distantzian beste 50 lagunentzako lekua jarri dugu, 360 guztira, eta bete egin da. Herrikoirako jarritako 160ko topea ere segituan bete zen. Guztira 520 kirolari izango dira larunbatean lehian”. Proba, gaur egun, sendotuta ikusten du Agirrek, eta jarraitzeko gogotsu daude: “Jendeak erantzuten duten bitartean gu prest gaude lanean segitzeko”.
Aldaketa bakarra, bizikleta saioan
Larunbateko triatloiari dagokionez, ez dago aparteko aldaketarik probaren ezaugarrietan. Ohi bezala, igeriketa saioa arranplan hasiko da eta Gernikako parkean amaitu. Bizikletako proban dago aldaketa txiki bat, trafiko arauaren eraginez. “Oikia aldera behetik joango dira, Mendaro Marinela kaletik, baina buelta goitik egingo dute, saihesbidetik”. Korrika, ohi bezala, Gernikako parkea eta parolmuturraren artean egingo dute. Itsasgora baldintzatuta, proba herrikoia 14:15ean hasiko da; ondoren, 15:30ean, eliteko emakumeak eta 15:45ean gizonezkoak.