Emakumeen estropadan Zumaiak maila bikaina erakutsi du eta bigarren amaitu du, Hibaika irabazlearengandik 26 ehunenekora. Orio izan da hirugarren, San Juanen aurretik. Lehen aldiz ez da Galiziako trainerurik izango emakumeen Kontxako Banderan. Gizonezkoetan ez da ezustekorik izan. Kaiku, Bermeo, Hondarribia, Orio, Cabo da Cruz, Portugalete eta San Juan sailkatu dira. Telmo Deun 16. izan da, eta igotzeko kanporaketako aurkarietatik Astillero eta Meira nabarmendu dira.
Iaz irabazitako bandera uretan defenditzeko aukera izango dute hurrengo bi igandeetan Telmo Deuneko neskek. Denboraldi hasieratik hona gora egin dute nabarmen eta gaur Hibaikaren pare izan dira helmugan. Kanporako luzean denborarik onena egin dute, eta Orio, Hibaika, Meira eta San Juanek ere, lau segundoko tartean osatu dute lan erdia. Ziabogan Zumaiako aurrekalariak arazoak izan ditu arraun txikiarekin, kateatu egin zaio, eta hor segundo batzuk galdu dituzte. Hala ere, ez dute kontzentrazioa galdu eta barrurantz ere oso ondo etorri dira. Hibaikak (11:02.10) egin du denborarik onena, baina parean izan dira zumaiarrak (11:02.36). Hirugarren Orio (11:07.42) izan da, estropada bikaina eginez; eta laugarren San Juan (11:07.46). Meira bosgarren izan da (11:18.44), pasaitarrengandik segundo eskasera, baina hamar segundoko zigorra jaso dute irteeran behar baino lehenago abiatzeagatik. Banderarako lehia, beraz, erabat zabalik dago.
Mutilak, igotzeko kanporaketari begira
Oso bestelakoa zen gaur mutilen helburua. Kontxarako sailkatzeko txartelak oso garesti daude gaur egun, eta gehiago dute burua bi aste barru jokatuko den igoerako kanporaketan. Alde horretatik, gaurko estropada aukera ona zen lehiakide izango dituzten taldeekin indarrak neurtzeko, bi aste barru kontuak dezente alda daitezkeen arren. Gaurkoari erreparatzen badiogu, Astillerok (20:11) eta Meirak (20:13) erakutsi dute agian koska bat gorako daudela; Getaria (20:28) eta Zumaia (20:30) nahikoa parean amaitu dute gaur ere. Postuari dagokionez, Telmo Deun 16. izan da gaur.
Banderarako lehiari dagokionez, ez da ezustekorik izan. Kaiku (19:38), Bermeo (19:40), Hondarribia (19:47), Orio (19:49), Cabo da Cruz (19:52), Portugalete (19:55) eta San Juan (19:56) sailkatu dira. Zortzigarrena, Tiran, urruti samar gelditu da aurten: 20:08.