Jon Unanuek eta Estefania Gomezek irabazi dute Zumaiako Triatloia

Baleike 2014ko irailaren 6a

Euskadiko Txapelketa ere jokatu da Zumaiako Triatloian. Emakumeen kasuan, txapela bigarren izan den Ainara Pachecorentzat izan da, Estefania Gomez ez delako euskal herritarra. Aurrez jokatutako proba herrikoian Unai Iribarrek eta Nerea Etxarrik irabazi dute.

Eguzkipean jokatu gaur Zumaiako triatloia, 516 parte hartzailerekin. Proba herrikoia jokatu da aurrena, 14:15ean. Orduan puntuan abiatu dira 158 triatletak Arbustaingo arranplatik. Errioan behera aurrena metro batzuk, eta buian buelta eman ondoren Moilaberrirainoko bidea osatu behar izan dute. 350 metro guztira. Unai Iribar izan da uretatik irteten lehena eta bizikleta saioan (10 kilometro) ere sekulako erakustaldia egin du 15 urteko gazteak. Alde handiarekin iritsi da Gernikako parkera Oikiako buelta egin ondoren, eta parolmuturrerako joan-etorria (2,5 kilometro) lasaiago egiteko moduan izan da. Helmugan hiru minututik gorako aldea atera dio bigarrenari. Emakumeen artean, Nerea Etxarri izan da azkarrena proba herrikoian.

Lehenengo proba amaituta, elitekoen txanda etorri da. Emakumeak abiatu dira aurrena, 15:30ean, eta handik ordu laurdenera gizonak. Hauek ere Arbustaingo arranplatik errioan behera, baino herrikoiak baino gehiago, Moilaberriraino 750 metro osatzeko. Emakumeen artean Irati Mendia izan da uretatik irteten lehena. Iaz proba herrikoian hartu zuen parte eta aurten sekulako maila erakutsi du esprinteko distantzian. Bizikleta saiotik ere aurrera iritsi da Mendia, Aizarnazabalgo buelta egin ondoren (20 kilometro). Baina ez zituen oso aparte Estefania Gomez eta Ainara Pacheco, eta korrika saioan (bost kilometro) aurreratu egin dute.  Estefania Gomez (1:09:48) izan da helmugaratzen lehena, Ainara Pacheco izan da bigarren, eta Pili Bodegas hirugarren. Hori izan da Zumaiako Triatloiko aurtengo podiuma. Baina Euskadiko Txapelketari dagokionez, Gomez da aintzat hartu behar ez delako euskal herritarra. Horrela, Pacheco da txapelduna, Bodegas bigarren eta Aintzane Argaiz hirugarren.

Gizonezkoetan Jon Unanuek (55:38) hartu du burua igeriketa saioan eta eutsi egin dio amaiera arte, proba guztian alde handirik izan ez duen arren. Mikel Mujika izan da bigarren eta Ander Lazkano hirugarren. Zumaiarrei dagokienez, Juan Mari Azpillaga izan da lehena gizonezkoetan eta Olatz Villanueva emakumezkoetan.

Sailkapen osoa www.triatloi.org webgunean kontsultatu ahal izango duzue.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide