Manterola: "Bandera bizirik dago oraindik"

Baleike 2014ko irailaren 7a

Lau segundo eta erdiko atzerapenarekin ekingo dio Zumaiak Kontxako Banderako bigarren estropadari. San Juan izan da gaur azkarrena, Hibaika –segundo batera–, Zumaia eta Orioren aurretik. Telmo Deuneko arraunlariak "ohiko arraunkeratik kanpo" ikusi ditu Kike Manterola entrenatzaileak, baina ez du bandera galdutzat ematen: "Gauzak oso ondo egiten baditugu bandera irabazteko gai gara". [Argazki bilduman daukazue argazki oinez lagundutako goizaren kronika].

Lehen luzean borroka estua izan duzue San Juanekin, haiek lehen kaletik eta zuek bigarrenetik, baina ezin estropada burua hartu...

Kaleetan ez zegoen gaur alde handirik. Irten ondo egin dugu, baina ez dugu gure arraunkera ondo hartu. Behar bezala bukatu baino lehen, hurrengo paladaren bila joan nahi genuen. Nahi baino motzago ibili gara, antsietateagatik, edo irabaztera atera garelako. Aurrea hartu nahi genuen eta ezin izan dugu. Horrek atera gaitu gure ohiko arraunkeratik. Eta horregatik uste dut gaur baino azkarrago ibili gaitezkeela. Sentsazio horrekin gelditu gara. Egia da alde handiak ere ezin direla egin, besteak ere asko ibiltzen direlako. San Juan gaur errekorretik hurre gelditu da. Hirurak gertu gaude eta gauzak oso ondo egin behar dira irabazteko. Eta gaur ez ditugu oso ondo egin.

Barrurako luzean Hibaikak egin du atzetik aurrera.

Guk ziaboga ona egin dugu. Gero, barrualderako lanetan, Hibaika parera etorri zaigu eta harekin jarri gara borrokan. Kanpoaldera San Juanekin tematu gara eta barrualdera Hibaikarekin. Estropada osoan jo eta jo ibili gara eta ez dugu tarte bat hartu gauzak gure erara egiteko. Estropada horrela joan da. Gure lanak egitea ahaztu zaigu.

Datorren igandeari begira, Bandera irabazteko aukerak ikusten al dizkiozu taldeari?

Lau segundo eta erdi atera dizkigu San Juanek. Oraindik bizirik gaude, dudarik ez. Bandera irabazteko gai gara. Gauzak gaur nola egin ditugun ikusita, aukerak baditugula uste dut. San Juanengandik sei segundora ere egon gara bueltako luzean, irla parean. Normalean sei segundoko atzerapena daukazunean atzean gelditzen zara. Kapazitatea izan dugu azken txanpan pixka bat hurreratzeko. Jo eta jo ibili gara estropada guztia, eta hala ere ez dugu etsi, segi egin dugu bandera bizirik mantentzeko. Eta lortu dugu, bandera bizirik dago oraindik. Eta itsasoa pixka bat mugitzen bada, lau segundo ez dira ezer. Gaur bezalako eguraldiarekin lau segundo asko izan daitezke, baina pixka bat mugitzen bada lau segundo jan daitezke, gauzak ondo eginez gero. Gaur goizean baino zailago daukagula dudarik ez, baina hor gaude oraindik. Igandean jendea ilusioarekin etor dadila.

Nabarmena izan da traineruak azken hilabetean egin duen gorakada. Lan berezia egin al duzue?

Neguan arazo asko izan ditugu. Oztopo lasterketa izan da negu osoa. Txalupa osatu ezinik ibili ginen, gero lesio asko. Ezin izan genuen lana ondo egin. Klub ezberdinetako jendea ere badaukagu, Tolosakoak, Bizkaikoak bi… Denak etxekoak izanez gero lanak errazago egiten dira. Behin hasi garenean traineruan ibiltzen pixkanaka gora egin dugu. Hasieran oso urruti geunden, baina gai izan gara onenengan gerturatzeko, amore eman gabe. Sekulako meritua dute arraunlariek, lan handia egin dute horra iristeko.

Gaurko estropada bukatu ondoren, arraunlariak bildu dituzu kale bazter batean, hizketaldi bat egiteko. Zer esan diezu?

Normalean halako hitzaldirik ez diet ematen arraunlariei. Ez naiz ni horrelakoa. Baina gaur bai...

Pentsatu dugu ba, Guardiolaren metodoak aplikatzen hasi ote da Kike...

Ez, ez, halakorik ez... Gauzak ez ditugu behar bezain ondo egin, baina meritu handia izan dugu azken txanpan ez dugulako etsi. Sinestarazi nahi izan diet bandera oraindik hor daukagula, datorren igandean berriro dena eman behar dugula eta horretarako aste honetan gogor jarraitu behar dugula lanean. Inork ez dezala esan ez garela saiatu. Ez bada lortzen ez dadila izan etsi egin dugulako.

Kontxako Bandera

Lehen igandeko sailkapena:

1.- San Juan (10:36.80)

2.- Hibaika (10:38.12)

3.- Zumaia (10:41:28)

4.- Orio (10:53:52)

Gaur Zumaiako traineruan arraunean egin dute: Natalia Diaz, Miren Salvador, Libana Taboada, Olatz Ortiz, Irati Larrañaga, Iona Alijostes, Laura Yozifek, Desire Iglesias, Ainitze Illarramendi, Olatz Agirregabiria, Oihana Erkizia, June Aranbarri eta Amaia Uranga; patroi, Nagore Osoro. Ordezko: Izaro Etxaniz, Myriam Aizpurua eta Andrea Olazabal.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide