Herriko bederatzi elkarte arduratuko dira Olarro Eguneko txosnetaz eta bazkariaz

Baleike 2014ko irailaren 10a

Irailaren 20an ospatuko da aurtengo Olarro Eguna. Aurten zazpi txosna jarriko dira olagarro brotxetak saltzeko, aurreko urtean baino bi gehiago. Denen artean 15.000tik gora olagarro brotxeta saltzea aurreikusi dute antolatzaileek. Bestalde, ostiralean salgai jarriko dira herri bazkarirako txartelak.

Txosnetan eta herri bazkarian lan egiteko aukera eskaintzen zaie herriko kirol, gizarte eta kultur elkarteei, eta salmentako irabaziak haien jarduerak laguntzeko izaten dira. Hori dela eta, elkarte askok egiten dute eskaera eta antolatzaileek zozketa bidez esleitzen dituzte lanak.

Txosnak

San Pedro Abesbatzak Alondegia aurrean izango du txosna, Zumaiako arraun elkarteak Erribera kalean, eta Presoen Lagunak taldeak Ignacio Zuloaga plazan –hiru talde hauek goizez eta arratsaldez egingo dute lan–; Beheko plazako txosnan, Dardara musika kolektiboak egingo du lan goizez, eta arratsaldez Pulpo eskubaloi elkarteak; Amaiako plazako postua arratsaldez bakarrik zabalduko da eta Malen Etxeko kideek egingo dute lan; Gernika parkeko txosna eta itsas kiroldegikoa goizez bakarrik zabalduko dira, eta Darahlik eta Zaldi Elkarteak egingo dute lan, hurrenez hurren.

Erribera, Alondegia eta Zuloaga plazako txosnetan olagarro zopa eskainiko da goizez eta brotxetak arratsaldez. Gainontzeko txosnetan brotxetak baino ez dira eskainiko, egun osoan. Guztira, 15.000tik gora brotxeta salduko direla kalkulatu dute antolatzaileek, eta aurten iaz baino 100 kilo gehiago erosiko dira bi txosna gehiago izango direlako.

Herri bazkaria

Bestalde, pilota elkarteko kideak arduratuko dira 550 lagunentzako herri bazkaria zerbitzatzeaz. Etzi, ostirala, jarriko dira salgai txartelak turismo bulegoan, zortzi euroan helduentzat eta bost euroan haurrentzat. Menua: olagarroa patatakin, olagarro paella, sagar-opila, edariak eta kafea. Bazkaria Eusebio Gurrutxaga plazan izango da. Bazkarirako txartelez gain, Olarro Eguneko kamisetak eta zapiak salgai jarriko dira turismo bulegoan eta Olarro Egunean bertan Eusebio Gurrutxaga plazan.

Lehiaketa gastronomikoa

Zumaiak olagarroarekin daukan lotura estuaren aitzakiarekin antolatutako jaia da Olagarro Eguna. Tradizioari, baina, ukitu berritzailea ere gehitu nahi izan zaio, eta horretarako antolatzen da urtero lehiaketa gastronomikoa. Olagarroarekin presta daitezkeen errezeta berriak sustatu nahi dira, urtez urte sortzen direnekin pixkanaka bilduma osatzeko. Lehiaketa goizeko 9:30ean hasi eta 13:00etan amaituko da, Eusebio Gurrutxaga plazan. Gehienez 22 bikotek har dezakete parte, eta irailaren 12ra arte dago zabalik izena emateko epea. Batel estropadari dagokionez, goizez jokatuko da osorik. Izena emateko epea zabalik dago, turismo bulegoan.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide