Astelehenean, irailaren 15ean, hasiko da entrenatzen mutilen bigarren trainerua, eta probatzeko gonbitea luzatu du klubak. "Bigarren trainerua funtsezkoa da guretzat", azaldu du arraun elkarteko prestatzaile Rafa Gonzalez de Txabarrik.Patxi Francesekin batera etorri zen klubera Rafa Gonzalez de Txabarri (Orio, 1966), arraunlarien lana planifikatu eta klubaren kirol egitura sendotzeko aginduarekin. Eskarmentu handia du zeregin horietan. Orion 22 urte egin zituen, 1990etik 2011ra, eta ondoren Zierbenan, Francesekin. Zumaiako arraun elkartean du orain erronka. “Klubarentzat funtsezkoa da bigarren trainerua. Beste talde batzuk badute dirua falta zaiena kanpotik lortzeko. Zumaiak ez. Gainera, uste dugu herriko eta eskualdeko gazteekin osatu behar direla traineruak. Horretarako ezinbestekoa da gazteekin lan egitea, bigarren trainerua osatzea”. Eta ez dago denbora galtzeko prest. “Astelehenean hasiko gara gazteekin lanean. Duela bi aste amaitu zuten denboraldia, baina lan asko daukagu egiteko, asko dute ikasteko, eta zenbat eta lehenago hasi hobe. Gainera, orain momentu ona da arraunean probatu nahi dutenei aukera emateko, beti izaten delako lekua traineruan”.
Batik bat, gazteei zuzendutako deialdia egin du klubak, baina arraunean egin nahi duen orok dauzka ateak zabalik. “Astelehenean hasiko gara, 19:00etan. Gazteren bat, mutil edo neska, zalantzan badago sekula arraunean egin ez duelako, ez dago arazorik. Gaur egun puntako arraunlaria den bat baino gehiago 20 urterekin hasitakoa da. Hori bai, aurrera segitu nahi duenak serio hartu behar du, eta pazientzia behar da. Arraunlaria ez da egiten goizetik gauera, denbora behar da. Baina etor daitezela lasai, gustatuko zaie eta. Arraunak badu zerbait, probatzen duenak jarraitu egiten du”. Hala ere, klubean uste dute Zumaiak baduela abantaila bat beste talde batzuen aldean: “Zumaian bigarren traineruan maila ematen duenak lehen taldera pasatzeko ate guztiak zabalik ditu, aukera hori izango du. Beste elkarte batzuetan ez da hain erraza, lehen taldea kanpoko jendearekin ere osatzen delako. Esate baterako, hurrengo denboraldian bigarren traineruko lauzpabost pasako dira lehen taldera”.
Deialdia ez da soilik zumaiarrentzat, eskualdeko gazteak ere erakarri nahi dituzte. “Zumaian beti egin izan dute arraunean Urola aldeko eta Itziar, Deba, Mutriku ingurukoek. Lotura hori mantendu nahi dugu. Garrantzitsuena da hemen egindako arraunlariak izatea, etxekoak”, zehaztu du Txabarrik.
Hiruzpalau urteko epean, ondo finkatuta nahi ditu kirol egiturak. “Gure erronka da gizonezkoetan bi traineru izatea eta emakumezkoena ere egonkortzea, baina etxeko jendearekin. Iaz Frances eta biok iritsi ginenean lanak izan genituen bigarren trainerua osatzeko. Lortu behar zela tematu ginen eta azkenean atera da eta ondo egin dute lan. Eta neskekin ere arazo handiak izan dira trainerua osatzeko”.
Kanporaketarako sasoi betean
Telmo Deuneko mutilak burubelarri ari dira prestatzen irailaren 20ko asteburuan jokatuko duten mailaz igotzeko kanporaketa. “Entrenamendu oso onak ari gara egiten, eta trainerua inoiz baino azkarrago doa. Ea gero maila hori uretan erakusteko gai garen”, dio Txabarrik itxaropentsu. Kontxako estropadan arazoak izan zituzten –arraunlari bati hankalekua hautsi zitzaion estropada hasi bezain pronto– eta hango denborek esaten dutena baino gertuago daude aurkariengandik. “Gainera, zeharkako olatuan oso ondo moldatzen gara eta Bermeon halaxe jotzen du”. Hala ere, klubean ez daude igoerarekin itsututa. “Ez du gure plangintza aldatuko. Guk etxeko jendearekin egingo dugu lan, mailaz igo edo KAE1ean jarraitu”.