Joan den igandeko arantza atera dute gaur Zumaiako arraunlariek, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian. Arraunean gozatu eta lanak ahalik eta ondoen egitea zen gaur helburua, banderarekin itsutu gabe. Eta hala egin dute. Helmugara aurrenak iritsi dira, San Juan gainean zutela eta Hibaika hiru segundora. Bi ehuneneko aldeagatik, bigarren postua kendu dio Zumaiak Hibaikari sailkapen nagusian.Lehen jardunaldian, aurrena San Juanekin eta gero Hibaikarekin nor baino nor gehiago ibili zen Zumaia, jo eta jo, bere ohiko arraunkera luzetik aterata. Dena eman zuten arraunlariek, baina okerreko bidetik. Hura ondo gogoan izan dute bigarren estropadan. "Aholku bakarra izan da gure lana ondo egitea, besteei begiratu gabe", azaldu du Kike Manterola prestatzaileak; "erlojupekoa izan da, kartolak jarri eta alboetara begiratu gabe, gure lanean zentratuta", Libana Taboada arraunlariak. Arraunkada bakoitza ondo bukatuz, gaur estropada zoragarria egin dute.
Lehen kaletik abiatu da Zumaia. "San Pedron kalea deitzen diote, baina Zumaiarena deitu beharko zaio aurrerantzean...", esan du Manterolak, udaletxeko zozketaren berri izan duenean. Nahi baino gehiagotan egokitu zaio Zumaiari lehen kalea azken urteotan, baina gaur, zorionez, ez zegoen alderik kaleen artean. Hibaikari egokitu zaio bigarren kalea, San Juani hirugarrena eta Oriori laugarrena. Hasierako txanpatik bikain abiatu da Zumaia. San Juanekin batera, estropada burua hartu dute. Ziabogara Zumaia iritsi da aurretik (5:15) baina San Juan ez zen aparte (5:16); Hibaika bi segundora eta Orio hirura.
Barrualderako luzean lehia ikaragarri polita izan dute Zumaiak eta San Juanek. Parez pare, batek besteari branka erakutsi nahi, inork ez du amore eman azken metroraino. Hibaikak ere hortzak estutu eta ahalegin guztiak egin ditu aurreko bien arrastoa ez galtzeko. Azken txanpan, Zumaiak sartu du muturra San Juanen aurretik. Estropada eta sailkapen nagusiko bigarren postua lortu dute zumaiarrek; 2014ko Kontxako Bandera, berriz, San Juanentzat. Inoizko banderarik borrokatuena izan da aurtengoa: bi jardunaldietako denborak aintzat hartuta, lehenak hiru segundo eta erdiko aldea atera die bigarrenari eta hirugarrenari.
Bigarren jardunaldia
1.-Zumaia 10:38,64
2.-San Juan 10:39,60
3.-Hibaika 10:41,82
4.-Orio 10:47,86
Sailkapen nagusia
1.-San Juan 21:16,40
2.-Zumaia 21:19,92
3.-Hibaika 21:19,94
4.-21:41,38