Gutxienez beste lau urtez Europako Geoparkeen sareko kide izateko bedeinkapen guztiak jaso du Euskal Kostaldeko Geoparkeak Alemaniako Weringerode herrian duela pare bat arte egindako bilkuran. Azterketa gaindituta, aurrera begirako proiektuekin jarri dira lanean buru-belarri. Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok kontatu dizkigu.
Euskal Kostaldeko Geoparkearentzat ez da izan bilera bat gehiago. Ebaluaketaren emaitza jakinarazi zaizue.
Geoparkeek lau urtetik behin pasa behar izaten dute azterketa. Guretzat lehen aldia zen, eta beti daukazu urduritasun puntu bat. Baina bagenekien lanak ondo eginak genituela. Hala ere, ez genuen espero hain emaitza ona.
Txartel berdea eta inolako aitzakiarik gabe…
Bai, hala da. Eta esperientzia asko dutenek esan digute ez dela batere ohikoa. Ebaluaketa batean hiru aukera daude: txartel gorria jasoz gero, sarekide izateari uzten zaio; txartel horiak esan nahi du arazo larriren bat dagoela eta bi urteko epea ematen zaio geoparkeari konpon dezan. Eta azkenik txartel berdea dago; horrekin beste lau urtez izango zara sareko kide. Baina, berdea jasotzen denean ere, ia beti izaten da gomendioren bat, non hobetu behar den. Gure kasuan ez da aitzakiarik egon. “Strong Green Card” esan zuen epaimahaiak, txartel berde sendoa, alegia.
Ebaluaketa gehiago izan al dira aurten?
Bai, guztira hamar bat izan gara aurten ebaluatuak, batzuk hautagai berriak. Eta baten bat atzera bota dute. Txartel hori bat ere izan da, eta berdeek denek jaso dute gomendio garrantzitsuren bat, guk izan ezik. Ez da txantxetako kontua. Zure geoparkea ebaluatzeko txanda iristen denean aretotik irten behar zara, ebaluatzaileek txostena lasaitasun osoz azaltzeko eta eztabaida zintzoa egon dadin. Normalean, hogei minutu behar izaten dira prozesu hori amaitzeko. Gure kasuan bi minutuko sartu-irtena izan zen.
Babes horrek bultzada handia emango dizue, ezta? Gutxienez, sareko kideen begietan, aukeratutako bidea egokia dela esan nahi du.
Hori oso garrantzitsua da hasi berria den proiektu batentzat. Orain badakigu norabide onetik goazela. Balio du babestu gaituzten erakundeen aurrean gure lanaren balioa indartzeko, beraien konpromisoa berritu dezaten. Eta balio du, baita ere, Europako beste sarekideen aurrean izen ona lortzeko, ateak irekitzeko, harremanak egiteko. Azken finean, sarearen helburua da proiektuak elkarrekin garatzea eta horretarako oso garrantzitsua da izen ona izatea.
Lau urteko lehen zikloa bete duzue, emaitza bikainarekin. Bigarrenerako zeintzuk dira Geoparkearen helburuak?
Adibidez, zientzia ikerketaren atalean, uste dut flysch-ak jadanik ez duela bultzada berezirik behar. Lan handia egin da eta horrek bere bidea egingo du. Nazioartean erreferentea da eta geologoak eta ikerlariak etorriko dira. Guk horren guztiaren koordinazioa egingo dugu. Gure indarrak gehiago jarriko ditugu paisaiaren eraldaketa ikertzen, eta horrek historiaurrean nolako eragina izan zuen gure arbasoengan. Ingurunea eta gizakia lotu nahi ditugu. Horretarako badauzkagu pare bat proiektu esku artean. Esate baterako, Urolaren eta Debaren itsasadarretako hondoen laginak aztertuko ditugu. Horrela jakin ahal izango dugu itsasoaren maila nola aldatu den azken milaka urteotan. Eta barrualdeari dagokionez, karst paisaia nola sortu den ikertuko dugu. Zientziaren barruan, beste atal bat asko indartuko duguna biologiaren eta ingurumenaren ikuspegia izango da. Orain arte oso zentratuta egon gara geologian, eta hutsune hori betetzeko neurriak hartu ditugu jadanik; gaian aditua den profesional bat kontratatu dugu.
Turismoa da Geoparkearen indarguneetako bat. Nondik joko duzue hurrengo urteotan?
Flysch-ari dagokionez, gaur egun dagoeneko eskaintza oso zabala daukagu. Beti dago hobetzeko aukera, eta egingo dugu ahalegina. Uste dugu arkeologian dagoela lan egiteko eremu zabala. Batez ere, Deba inguruan dauden kobazuloekin zerbait proposatu nahi dugu. Ekainberri ere hor dago eta horri guztia forma eman behar zaio bisitariari eskaintzeko.
Ekipamendu berririk aurreikusten al duzue? Deban interpretazio zentro nagusia egiteaz hitz egin zen bere garaian…
Aukera hori idatziz jasota dago, baina gaur egun ez dugu aurreikusten, ez behintzat hurrengo lau urteotarako. Dauden ekipamenduak berritzea eta egokitzea da helburua. Adibidez, Algorrik egokitzapena behar du. Duela hamar urte helburu batzuk betetzeko sortu zen eta orain Geoparkearen proiektuak beste dimentsio bat hartu du.
Geoparkearen erronketako bat da herritarrengan iristea, gizarteratzea. Zerbait pentsatu duzue gizartean gehiago errotzeko?
Datozen urteotarako lan garrantzitsuenetako bat izango da. Funtsezkoa izango da Geoparkeak aurrera egiteko. Geoparkezaleak deitu diogu proiektuari. Gizarteko erakunde, talde, elkarte, enpresa eta norbanakoei aukera eskaini nahi diegu Geoparkearekin harremana izan dezaten. Pentsatu behar dugu Geoparkearen lurraldean bizi diren norbanako eta eragile guztiekin erlazionatzeko modua.