TKE Ligara itzultzeko aukera du Zumaiak asteburuan

Baleike 2014ko irailaren 19a

Denboraldiko azken ahalegina gelditzen zaie Telmo Deuneko arraunlariei. Denboraldi ederra osatu dute KAE1 Ligan, banderak irabazi dituzte eta azken estropadara arte Liga irabazteko aukera izan dute, baina aurrean duten azken hitzorduaren saria ere ez da nolanahikoa: TKE Ligara itzultzea.

Getariak, Zumaiak, Meirak eta Amegrovek hartuko dute parte kanporaketan, eta mailaz igotzeko txartel bakarra izango da. Bi estropada jokatuko dira, biak erlojupekoan. Lehena larunbatean (18:00etan), Bermeon; bigarrena, igandean (12:00etan), Portugaleten. Bermeoko estropada itsaso zabalean izango da, eta berezitasunetako bat da olatuak trabezka jotzen duela. Zumaia, printzipioz, ondo moldatzen da albotik datozen olatu horiekin. Portugaletekoa berriz, errioan da eta. Han kale zozketa erabakigarria izan ohi da, korronteak direla eta, baina igandean erlojupekoa izango denez ez dago kezka hori.

Lau lehiakide direla eta saria bakarrak eramango du. Ez da lan erraza izango, baina lasai asko esan genezake beste hirurek adina aukera dauzkala Zumaiak, inor ez dela gaindiezina. Getariak eta Zumaiak uda osoan borroka ezin estuagoa izan dute eta pentsatzekoa da azken bi estropada hauetan beste horrenbeste gerta daitekeela. Meirak maila ona erakutsi zuen Kontxako Banderan, baina kontuan izan behar da Kontxan ez dela arraunlari propioen araua bete behar, baina TKEko kanporaketan bai. Ikusi beharko da horrek zenbateraino eragiten dien. Galiziako beste ontziak, Amegrovek, zer maila eman dezakeen ez dago hain garbi.

Prestakuntzarekin behintzak ez dago aitzakiarik. Rafa Gonzalez de Txabarri prestatzaileak adierazi zigun joan den astean lan bikaina egin dutela eta trainerua oraintxe dagoela punturik onenean. Lan horiek eginda, uretan benetako maila erakustea da geratzen den bakarra, eta ikusi hori nahikoa den aurrena izan eta mailaz igotzeko.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide