Telmo Deunek dena eman du TKE Ligara igotzeko kanporaketan, baina Meira izan da bi estropadetan onena eta galiziarrek lortu dute mailaz igotzeko eskubidea. Portugaleten Zumaiak sekulako estropada egin du, buruan izan da lehen bi luzeetan, baina Meira eta Getaria osoago iritsi dira azken txanpara eta, Bermeon, bezala, gaur ere hirugarren amaitu du Zumaiak. Denboraldi osoan eta azken bi estropadetan egindako lanaz harro egon daitezke arraunlariak.
Larunbatean Bermeon ez zuen estropada txarra egin Zumaiak, baina hirugarren amaitu zuen Meira eta Getariaren atzetik, eta horrek asko zaildu zion mailaz igotzeko aukera. Hala ere, arraunlariek ez dute amore eman, eta gaur Portugaleten aurpegia ematera atera dira. Denboraldiko azken estropadan dena ematera atera eta estropada ikaragarria osatu dute, batik bat lehen bi luzeetan. Amegrove abiatu da aurrena, eta ondoren Zumaia, Getaria eta Meira, minutuko aldearekin elkarren artean. Zumaian laster lortu ditu alde esanguratsuak, lauzpabost segundo lehen luzea osatzerako. Barruranzko lanetan ere luze bikaina izan da bigarrena, ziabogan artean aldeei eutsiz.
Lan erdietatik aurrera, ordea, Getariak eta, batik bat, Meirak gora egin dute. Zumaia saiatu da eusten, Aristi patroiak azken ahalegineraino mugan eraman ditu mutilak –hustuta amaitu dute–, eta denbora bikaina egin dute helmugan: 19:35,88. Amegroveri 26 segundo atera dizkio Telmo Deunek. Baina ez da nahikoa izan. Getaria sartu da hurrengoa eta Zumaiaren denbora ondu du, ozta-ozta, segundo erdiko aldearekin. Denboraldi osoan parean ibili dira biak, eta ezin beste modu batera amaitu. Baina Getariak ere ezin izan du ametsa gauzatu. Meirak egin du azkenean denbora onena eta Bermeon hasitako lanak ederki borobildu ditu.
Emaitza horiekin, Meirak lortu du mailaz igotzeko txartela. Getaria izan da bigarren, Zumaia hirugarren eta Amegrove laugarren. Datorren urtean Galiziako hiru traineru izango dira TKE Ligan, eta Zumaiak eta Getariak aurten izan duten buruz-buruko lehia estua berritzeko aukera izango dute KAE1ean.
Bermeoko estropada
1. Meira 19:56,94
2. Getaria 20:04,68
3. Zumaia 20:08,68
4. Amegrove 20:09,18
Portugaleteko estropada
1. Meira 19:30,62
2. Getaria 19:35,37
3. Zumaia 19:35,88
4. Amegrove 20:01,71
Sailkapen nagusia
1. Meira
2. Getaria
3. Zumaia
4. Amegrove