Astelehenean abiatu ziren Oklahoma aldera Itxas-Gaineko piraguista Imanol Barruetabeña, Irati Osa eta Unai Gereka, larunbatean maratoi distantziako Munduko Txapelketan parte hartzera. Dagoeneko entrenamendu saio batzuk egin dituzte Oklahoma Cityko ibai artifizialean. "Instalazioak izugarriak dira, eta ederra da hemen entrenatzea", kontatu digute e-mail bidez egindako elkarrizketan.
Uda luze joan da Imanol Barruetabeña, Unai Gereka eta Irati Osa Itxas-Gaineko piraguistentzat. Oso gogor egin dute lan iraileko azken asteburuan, Oklahomako Munduko Txapelketan, duten mailarik onena emateko. Junior kategorian hartuko dute parte, maratoiko distantzian. Uretan lehiatzeko eskubideaz gain, bidaia ordaintzeko dirua osatzea ere ez da samurra izan. Espainiako selekzioak deituta doazen arren, piraguista bakoitzak ordaindu behar ditu bere gastuak. Oklahomara joan ahal izateko, 3.000 eurotik gora. Zorionez, Itxas-Gaineko kideak martxan jarri eta dirua biltzeko gai izan dira, herritarren parte hartzearekin. Hirurak Oklahoman daude dagoeneko, eta tarte bat hartu dute Euskal Herritik jasotako galderak erantzuteko.
Oklahomaraino iristeko 24 orduko bidaia egin zuten. “Goizeko 4:45ean irten ginen Zumaiatik Bilboko aireporturantz, 6:45eko hegaldia hartzeko”, hasi dira kontatzen. Eta Loiun bertan, lehen ezustekoa. “Esan ziguten overbooking zegoela eta ni –Unai Gereka– eta Getxoko Naiara Gomez –Irati Osaren piraguakidea– itxarote zerrendan jarri gintuzten. Baina zortea izan genuen eta abioira igotzen azken biak izan ziren. Zazpi lagun gelditu ziren lehorrean”. Loiutik Madrilera, han Espainiako selekzioko beste kideekin bat egin eta Chicagorainoko hegaldia, Atlantikoaren gainetik. “Abioia oso erosoa zen. Eserleku bakoitzak bere pantailatxoa zeukan, jolasteko edo pelikularen bat ikusteko; hegazkinean pasatako bederatzi orduak guk uste baino azkarrago joan ziren”.
Chicagoko aireportuan bigarren ezustekoa. “Chicagon hartu behar genuen Oklahomara joateko hegaldia. Imanolek abizen luzea duenez, izenaren ordez “I” letra baino ez zitzaion ageri txartelean eta beste gela batera eraman zuten, dena ondo zegoela konprobatzera”. Dena argituta, Oklahomara iritsi ziren, leher eginda. “Hori bai, hotela ederra da; matrimoniozko ohea dauka gutako bakoitzak!”.
Oklahoman turismo egiteko aukerarik ez dute izan, entrenamenduetan murgilduta baitaude, baina segituan ohartu dira hangoei dena handia gustatzen zaiela –Munduko saltoki handienean izan dira– “Kotxe handiak ikusten dira, koloretako argiak kaleetan… Eta paisaia nahikoa lehorra”.
Uain munduko centro comercial haundiyenea konprak itea!!!
— Ima (@Imabarrueta17) September 24, 2014
Larunbateko estropada eremua ezagutzeko aukera izan dute. “Goizean Oklahomako ibai artifizialean entrenatzen dira. Egin dituzten instalazioak izugarriak dira eta ederra da han entrenatzea. Gainera, piraguistez josita dago, eta horrela askoz gehiago ari gara gozatzen”.
Espainiako selekzioko kideekin ondo ari dira moldatzen. “Gehienak ezagutzen ditugu lehendik, Europako Txapelketatik, eta ez dugu arazorik, harreman oso ona daukagu”. Hirurek larunbatean daukate estropada, 16:30ean (Euskal Herriko ordua), eta eguna iristeko irrikaz daude. “Gutxi falta da gure ametsa gauzatzeko eta hasi gara urduritasuna nabaritzen. Gure entrenatzaile Xabier Osak esan digu orain arte entrenamenduetan edukitako jarrerak axola duela, ez delako batere erraza urte osoa, uda barne, entrenatzen pasatzea gauza asko alde batera utzita. Beraz, lan guztiak egin ondoren, gozatzea eta ikastea da gure helburua. Emaitzak etorriko dira etorri behar badute, baina maila honetako txapelketa batean zorteak ere bere lekua izaten du”. Elkarrizketa egin ondoren Unai Gerekari twitterrean irakurri diogu sukarra izan duela.
Ameriketaño etorri mundiala itea ta uan kalenturakin..
— Unai Gereka (@UnaiGereka) September 24, 2014
Oklahomako Munduko Txapelketan parte hartu ahal izateko 9.000 eurotik gora bildu behar izan ditu Itxas-Gainek. Horretarako, zozketa berezia antolatu du udan zehar, hainbat kirolarik utzitako materialarekin. Salmenta arrakastatsua izan da, txartelak agortzeraino. Esker oneko hitzak baino ez dituzte lagundu duten guztientzat. “Errifak erosi dituztenei, diru ekarpena egin dutenei, uretan lagundu diguten guztiei, eta batez ere urte osoan gurekin egon direnei eskerrak eman nahi dizkiegu, hiru etorri gara baina egindako lanaren atzean pertsona asko daude. Horien artean, familia, piraguako kideak, lagunak, Joxema [Balenciaga], eta nola ahaztuko dugu gure entrenatzaile Xabier Osa, Iratirentzat aita eta beste biontzat idoloa; beti egongo gara zorretan”.
Estropada internet bidez jarraitu ahal izango da txapelketako webgunean (http://boathousedistrict.org/festivals-races/live-video/), eta Getarian ere pantaila handi bat jarriko dute 16:00etik 18:00etara, estropadak jarraitu ahal izateko.