Gaur iluntzean (20:00etan) joko dute Bilborock aretoan, La Merced eliza zaharrean. «Ilusioa egiten zigun Bilbon, Bilborock aretoan jotzeak, eta horregatik apuntatu ginen», azaldu du Unai Eizagirrek, Voltaia rock taldeko baxujole eta abeslariak. Jon Brakamontek (gitarra) eta Jon Duranek (bateria) osatzen dute hirukotea.
Villa de Bilbao lehiaketako pop-rock atalean hartu dute parte. «Stoner ukituak dituen musika jotzen dugu eta egia esan hautatuak izan diren beste taldeekin zer ikusi handirik ez dugu. Horregatik, esan zigutenean hautatuak izan ginela harrituta geratu ginen», dio Eizagirrek.
Beraiekin batera, beste bi talde arituko dira gaur. Talde bakoitzak ordu erdi izango du epaimahaia konbentzitzeko. «Gure ohiko kontzertuak ordubetekoak izaten dira. Bilbon erdia joko dugu eta dagoeneko aukeratu ditugu joko ditugun kantak».
Hirukoteak udaberrian atera zuen zazpi kantaz osatutako lehen diskoa. Ordutik makina bat kontzertu eskaini dituzte.