Maila ona erakutsi dute Itxas-Gaineko piraguistek Oklahomako Mundialean

Baleike 2014ko irailaren 28a

Irati Osak eta Ainhoa Hidalgok seigarren postuan amaitu dute maratoi distantziako Munduko Txapelketa, junior mailan; Unai Gereka eta Imanol Barruetabeña hamargarren izan dira. "Zailtasunak izan dituzte, baina Munduko Txapelketa beti da zaila", esan digu Xabier Osa entrenatzaileak, piraguistek egindako lanarekin konforme.

"Lana oso ondo egin dute urte osoan, saiatu gara ahalik eta ondoren prestatzen. Baina gero Mundialean edozer gerta daiteke, eta horretarako ere prestatuta egon behar da; eta uste dut guri nazioarteko lehiaketa gehiago falta zaizkigula", dio Osak. Zailtasunak espero ez direnean etortzen baitira. "Aurrena Unaik izan ditu arazoak. Gaixotu egin zen eta sukarrarekin egon da. Gero, besteak ere erdi katarroarekin ibili dira. Ordutegi aldaketarekin ere egokitu ezinik ibili dira, gorputzaldi eskasarekin. Ordutegiaren arazoa guztiek izan dute, hungariarrek ere bai".

Baina horiek denak ilusioarekin gainditzen saiatu dira. Munduko Txapelketari gogotsu ekion zioten mutilek zein neskek. Mutilek 22,5 kilometro osatu behar zituzten, barrutiari sei itzuli emanez, lehorreko bost garraiatzerekin. "Mutilak ondo atera ziren, lehen itzulia laugarren-bosgarren postuan osatu zuten. Saiatu ziren hor mantentzen baina estropada amaierarako ezin izan zuten, gaixotasunak ere izango zuen eraginik. Gainera, amaiera aldera, lehorreratzeko eremuan istripua izan zuten eta irauli egin zitzaien piragua". Azkenean hamargarren postuan amaitu zuten. Hegoafrikak irabazi zuen urrea, eta zilarra eta brontzea Hungariak.

Neskek itzuli bat gutxiago egin behar zuten, 18,75 kilometro guztira. "Neskak oso ondo atera ziren. Aurrean laukote bat osatu zen eta han ziren gureak. Baina gero arazoak hasi ziren. Urduri jarri ziren eta arraunkera erabat galdu zuten. Indarrez ondo sentitu ziren, baina, zoritxarrez, oker ibili ziren arraunean", azaldu du Osak. Seigarren amaitu zuten. Hungariak lortu zituen urrea eta zilarra, eta Danimarkak brontzea.

Astearte arratsaldean bueltatuko dira Oklahomatik, eta ziurrenik harrera egingo zaie klubaren egoitzan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide