Larunbatean musika koralaren kontzertua izango da Komentuan, 20:00etan. Bi talde entzuteko aukera izango da: alde batetik, eta antolatzaile moduan, herriko San Pedro Abesbatza; bestetik, Galiziatik etorriko den Gli Appassionati korua. Beraien hitzetan: “Gli Appasionati musika zaletasun handia duten gaztez osatuta dago. Hainbat estiloetako musika lantzen dute, klasikotik pop musikaraino, guzti hau lan handi baten fruitua delarik”. Bideoan ikus ditzakezue Beatlesen Yesterday abesten.
Guzti honen adierazgarri da eskainiko duten egitaraua: errenazimenduko eta gaur egungo musika sakroa, Gaztelako eta Galiziako musika herrikoia, Beatles taldearen Yesterday abesti ezaguna eta Oihaneko liburua filmaren abesti bat. Ohikoak dituzte horrelako egitarauak, sari ezberdinak jaso dituzte eta askotan parte hartu izan dute Galiziako telebistan. Nuria Lorenzo Lopezek zuzenduko du taldea.
Guzti hau entzun aurretik San Pedro Abesbatzak Faure, Stehle, Albert Alcaraz eta Ray-ren musika eskainiko du. Mari Carmen Azpeitia izango da piano-jolea eta Amaia Aldalur zuzendaria. Kontzertu hau bi taldeek burutzen ari diren elkartruke baten lehenengo zatia da eta datorren urtean joango dira herriko abesbatzakoak Galiziako lurraldeetara.