Lehen Mailako taldeak 34-26 irabazi dio Donostiako Egiari denboraldiko hirugarren jardunaldian. Pulpo bigarren postua dago sailkapenean 6 punturekin, Eibar Eskubaloia liderrarekin berdinduta.
Egiaren kontra, Pulpok uneoro kontrolpean izan zuen partida, hasieratik markagailuan aurrea hartuta. Bigarren zatian zenbait jokalarik denboraldiko lehen minutuak jokatzeko aukera izan zuten, eta maila ona erakutsi zuten. Hiru garaipen hauekin sailkapenaren buruan daude Xabier Letamendiaren mutilak, sei punturekin, Eibar Eskubaloia liderrarekin berdinduta. Atzetik dira Trapagaran eta Anaitasuna, bosna punturekin. Hurrengo partida Usurbilen jokatuko dute. Mailaz igo berria da Usurbil eta hiru partidetan puntu bat lortu du.
Azken partidan jokatu zuten: Arrrieta (3), Ballesteros (1), Beristain, Elola (2), Espilla (3), Gonzalez (1), Ibarguren, Larburu, Leon (3), Lizeaga, Manzisidor, Rubio (4), Yeregi (1), Martinez (4), Odriozola (6) eta Torriko (6).
Nesken talde nagusiak ere garaipena lortu zuen Errenterian, 20-22. Lehen jardunaldian Urnietari irabazi zion eta, horrenbestez, bi partidetan lau puntu lortu ditu eta sailkapenaren aurrealdean daude. Kadeteek eta jubenilek ere hasi dute denboraldia. Euskal Ligan, kadete zein jubenil mailako mutilek Egiari irabazi zioten: jubenilek 29-22 eta kadeteek 41-33. Neska jubenilek 20-11 irabazi zioten Eibarri eta Zarazpe Pulpoko kadeteek 41-19 Bidasoari. Neska kadeteen bigarren taldeak 13-27 galdu zuen Leizaranen kontra, eta mutilenak 19na berdindu zuen Zarautzen aurka.