Gipuzkoako mendizale gazteen jaia egingo da Zumaian urriaren 19an

Baleike 2014ko urriaren 9a

Finalisten Eguna antolatuko du Inda Mendi elkarteak, eskola kirolaren baitan. Mila haur inguru etorriko direla aurreikusi du Gipuzkoako Mendi Federazioak.

Urriaren 19an mendizale gaztez beteko da Zumaia, Gipuzkoa osotik ia mila haur etorriko baitira Finalisten Eguna ospatzera. Eskola Kirolaren baitan kokatuta dagoen ekintza da Finalisten Eguna. Eskolen bitartez, hainbat kirol egiteko aukera bultzatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak, tartean mendizaletasuna, eta ikasturtean zehar egindako ekintzak biribiltzeko ospatzen da Finalisten Eguna. Horrela, 2013-2014 ikasturtean gutxienez zazpi mendi igo dituzten gaztetxoek ziurtagiri bana jasoko dute.

Urtero Gipuzkoako herri bat aukeratzen da mendizaletasunaren festa hau ospatzeko. Iaz, esate baterako, Donostian egin zen. Aurten Zumaiaren txanda izango da, eta Inda Mendi elkarteko kideak arduratuko dira antolatzeaz. “Gipuzkoa sei eskualdetan dago banatuta eta festa txandaka antolatzen da, eskualdez eskualde; horrela, sei urtetik behin, Urola Kostari dagokio Finalisten Eguna antolatzea, eta eskualdearen barruan aurten Zumaiari”, azaldu dute Inda Mendiko kideek.

Haurrekin batera, haien gurasoak ere etorriko dira Zumaian. Goizean, mendi buelta bat egingo dute, Inda Mendiko kideek gidatuta. Lehenik haurrak abiatuko dira, goizeko 9:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazatik. Ondoren, atzetik, helduak. Zailtasunik gabeko ibilbidea prestatu diete Inda Mendiko kideek, paisaiaz gozatzeko aukera izan dezaten: «Ibilbidean aurkituko duten punturik garaienak 150 metro dauzka, Santa Klara inguruan». Gaztetxoek 6,5 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta helduek pixka bat luzexeagoa, 8,4 kilometrokoa.

Mendi buelta bukatutakoan, Zumaiara jaitsita, Odieta pilotalekuan bilduko dira sari banaketa egiteko. Inda Mendiko kideek azaldu dutenez, 500dik gora haur dira 2013-2014 ikasturtean gutxienez zazpi mendi igo dituztenak: “Guztira 2.600 haur izan dira ekimen honetan parte hartu dutenak, baina finalistak 531 dira. Zehazki ez dakigu zenbat jende etorriko den Zumaiara, eguraldiak eragin handia izaten du, baina Gipuzkoako Mendi Federazioak aurreikusi du mila haur inguru izango direla”.

Eskola kirolean parte hartu duten haurrentzako festa eguna da bereziki, baina nahi duen orok har dezake parte. Haurren kasuan, ikastetxean eman dezakete izena. Urriaren 16ra arte zabalik dago aukera. “Mendizaletasuna piztu eta Zumaia ezagutzeko aukera ona izan daiteke Gipuzkoako haur askorentzat, eta ate hori zabalik dute”.

Dena ondo atera dadin, Inda Mendik 70 lagunez osatutako taldea du lanerako, eta eskertu nahi dute boluntarioen partetik jaso duten erantzuna. Kanpotik etorriko diren autobusek Sarauneko zabalgunean izango dute aparkatzeko lekua, Balenciaga ontziolaren ondoan.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide