'Kostalde Baleada' egingo da igandean, itsas ondarea ezagutzeko ibilbidea

Baleike 2014ko urriaren 10a

Zumaian hasi eta Orioraino, kultura eta gastronomia uztartzen dituen mendi ibilbidea egingo da igandean, euskaldunok balearekin eta Ternuarekin izandako harremana ardatz hartuta.

Kostalde Baleada ekimena duela hiru urte sortu zen Lapurdin, Angeluko Ibaialde elkartearen eskutik. Angelu eta Hendaia arteko ibilbidea eginez, itsas kultura ezagutaraztea da ekimenaren helburua. Aurten, ordea, Gipuzkoan egingo da, zehazki Zumaia eta Orio artean. Eta horretarako herriz herriko arraun elkarteek ere hartu dute parte antolaketa lanetan.

Ibilbidean parte hartzeko aurrez izena eman behar da. Zumaian Mandala dendak egin daiteke (25 euro) eta bestela internet bidez, www.kostaldebaleada.com helbidean (26 euro). Igandean, lehenik, izen emateen egiaztatzea egingo da, Mendaro Marinela kalean, 8:00etatik aurrera. Elastikoa, eskumuturreko identifikatzailea, janari tiketak eta edalontziak banatuko dira. Han bertan, gosaria eskainiko du Zumaiako arraun elkarteak, eta 9:00etan abiatuko dira Getaria aldera, gero Zarautz zeharkatu eta Orioraino iritsiko dira. Herri bakoitzean geldialdia egingo da, zerbait jan eta itsas ondareari buruzko azalpenak jasotzeko. Eguna Zarautzen amaituko da. Udaletxe aurreko plazan egingo dute jaia (jatekoa, trikitixa, bertsoak, kantak...).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide