Euskal gatazkaren ia mende laurdena argazkitan

Baleike 2014ko urriaren 14a

[/caption]

1990etik Euskal Herriko gatazka politikoa egunez egun jarraitzeko aukera izan du Ander Gillenea (Donostia, 1969) argazki kazetariak; azken 24 urteotako hamaika argazki erakutsiko ditu asteazkenean Alondegian –egun bakarreko erakusketa da–.

Atentatuak, manifestazioak, omenaldiak, kaleko istiluak, prentsaurrekoak, oldarraldiak… 1990ean Euskaldunon Egunkarian lanean hasi zenetik, eguneroko gai izan dira Ander Gillenea argazki kazetariarentzat. Euskal gatazkarekin zerikusia duten hainbat gertakari historikoren lekuko izan da bere argazki kamerarekin, eta euskal gatazkaren azken mende laurdeneko mosaiko bat osatzen dute Alondegian –goizez eta arratsaldez– aurkeztuko dituen argazkiek. “Asmoa ez da gatazka osoa kontatzea, hori ezinezkoa da; begirada bat da, nirea”, ohartarazi du Gilleneak. 1992tik gaur egunera arte ateratako irudiak erakutsiko ditu. Berrienak Loiolako herri harresikoak dira.

Argazkiak erakusteko modu ezberdinak aukeratu ditu. Alde batetik, pantailan ikus daitekeen argazki muntaia egin du. “Berrehun bat argazki daude, hor dago nire lanaren laburpen zabalena. Denetarik dago. Esate baterako, duela gutxi gehitu ditut Xabier Kalparsororen heriotzaren ondorengo omenaldian Zumaian egin nituenak. Banekien hemen egon nintzela, baina duela gutxi argazkiak berriro ikusi ditudan arte ahaztuta neuzkan hainbat detaile. Argazki asko egin nituen, eta pentsatzen dut zumaiarrontzat hunkigarriak izango direla. Gogoan daukat egun hartan, argazkiak atera ondoren, nola bueltatu nintzen lantokira… Motoan etorri nintzen, baina bueltakoan sekulako zaparrada bota zuen eta larri ibili nintzen errepidean”. Joxe Mari Kortaren atentatuan lan egitea ere tokatu zitzaion, beste hainbat bezala. “Egun oso gogorrak izan ziren haiek. Bezperan Boluetakoa gertatu zen eta, segidan Kortarena. Orain, atzera begiratzean, ohartzen zara nolako garaiak pasa ditugun. Bi edo hiru egunetik behin izaten zen gertakari gogorren bat”.

Ikus-entzunezkoaz gain, bere argazkia daramaten hainbat egunkaritako azalak ere erakutsiko ditu. Gilleneak Euskaldunon Egunkariarentzat egin zuen lan 1998ra arte, eta orduz geroztik hainbat argazki agentzientzat egin du lan –Associated Press-entzat, esate baterako–. Bere argazkiak ikus daitezke Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko hainbat egunkaritan. Eta paperezko argazki kopiak ere ekarri ditu erakusketara. “Zuri-beltzeko kopiak ekarri ditut, 1990eko hamarkadakoak. Errebelatzerakoan akatsen bat zuten kopiak dira, argitaratzeko balio ez eta etxean gorde nituenak. Denborarekin dokumentu garrantzitsu bihurtu dira”.

Tentsio handiko uneak

Argazki gehienetako uneak tentsioz beterikoak dira. Hala gogoratzen ditu Gilleneak. “Atentatu baten ondorengo hiletara joan eta senideei argazkiak ateratzea ez da batere samurra. Tentsio handiko uneak dira. Zenbait egoeratan, argazkirik ez egitea erabaki nuen. Denboraren perspektibarekin, uste dut argazkia egin behar nuela eta gero gorde. Erakusketa honetarako dokumentu interesgarriak lirateke, eta ziur nago protagonistek ere eskertuko lidatekeela”. Badira, ordea, erakutsi ez dituen argazkiak. “Badira argazki batzuk egin egiten dituzunak, baina gero erabaki dezakezu ez direla argitaratzeko modukoak. Hor kazetari bakoitzak jarri behar du bere muga”.

Irudi guztiak, baina, ez dira tentsioz beterikoak. Badaude, adibidez, garaian garaiko giroaz, leloez edota modaz jabetzeko balio dutenak. “Atzerriko agentziek, adibidez, horma-irudien argazkiak eskatzen zituzten sarri. Orain ikusita oso bitxiak dira. Baina jantziak nola aldatu diren ikusteko ere balio dute. Behin emakume batek komentatu zidan Garaikoetxearen jakak deitu ziola atentzioa argazki batean”.

Erakusketa bihar bakarrik egongo da ikusgai Zumaian. Ander Gillenea bertan egongo da, sortzen diren zalantzak edo galderak erantzuteko.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide