"Planifikazio eskasaren" adibidetzat jo du EAJk Beheko plazako lanen atzerapena

Baleike 2014ko urriaren 16a

EAJren udal taldeak prentsa ohar bidez adierazi du "Gurrutxaga plazaren birmoldaketaren lanen atzerapena planifikazio eskasaren adibide berri bat" dela eta lanak "inprobisazioz beterik" ari direla egiten:

EAJren udal taldearen prentsa oharra:

Bozeramaile nazionalista den Montse Aranak azpimarratu du "obrak uztailaren bukaerarako bukatuta egongo zirela iragarri zuen Udalak zalaparta handiz" eta “horrela, bai zumaiarrak eta bai bisitariak herriko gune berritu batetaz gozatu ahal izango zuten uda bete betean”. “Guztion zoritxarrerako, jarraitu du, eta batez ere etengabeko atzerapen hauek modu zuzenean jasaten ari diren merkatari eta ostalarientzako, Beheko plaza amaitu gabe jarraitzen du.

Ildo horretan, Aranak honokoa esan du “oso ondo ulertzen dut negozio horietako jabeek duten ikaragarrizko haserrea ikusi bai dute nola igaro den uda osoa obrak erdi eginak, erdi geldirik ez zeudenean, eta bisitariek kopurua gutxituz, hauek, obrarik gabeko Zumaiako beste guneetara joaten ziren bitartean”.

Zinegotzi jeltzaleak gogoratu du nola jokatu zuen gobernu taldeak obrak egitea erabaki zuenean eta gehitu du: “proposamenak egiteko inolako aukerarik gabe eta informazio gutxirekin. Udaleko beste taldeekin kontsentsua lortzeko borondaterik ez zuen inoiz izan”.

“Horrela, jarraitu du, obrak hasi ondoren erabaki zuten oinezkoentzat egitea lorategia eta plazaren arteko pasagunea zegokion aurrekontu aldaketarekin. Eskatu genuen aldaketa honek alde zaharreko trafiko handitzean ekar zezakeen ondorioen informazioa eta gogoeta bat egitea, baian ezer ez. Gero iragarri zuten hainbat ordutan trafikoa onartuko zela eta orain da unea ez dakitela zer egin autoak plazara ez daitezen sartu pasagunea trafikoari zabalduta dagoenean”.

Halaber, “inolako informaziorik eta adostasunik gabe taxien geltokia Kantauri plazara aldatu dute bertan zeuden aparkalekuak kenduta” salatu du.

Amaitzeko egutegia gogoratu du esanez: “proiektua apirilaren erdialdera esleitu zen, uztailaren amaierako bukatuta egongo zela aginduz. Urriaren erdian gaude eta bertarako, zabor ontziak, edo eserlekuak moduko hiri-altzarien edota zuhaitzak landatzeko eta kioskoa amaitzeko zain gaude. Hau da adibiderik onena gauzak nola ez diren egin behar".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide