Lehen Mailako taldeak Elgoibar hartuko du larunbatean (19:15ean), aurreko jardunaldian Usurbildik puntu bat ekarri ondoren. Nesken talde nagusiak orain arte jokatutako partida guztiak irabazi ditu, eta Zarautzen dute hurrengo erronka.
Asteburua eskubaloia partidaz josita dator. Larunbat arratsaldean, jubenil eta kadete mailako mutilek Bidasoaren aurka jokatuko dute, 15:45ean hasita. Ondoren, 19:15ean, Lehen Mailako taldearen txanda etorriko da, Elgoibarren aurka. Elgoibar talde zaila da, azken urteotan beti lortu du garaipena Lubakin, baina Pulpok segida eman nahi dio denboraldi hasierako bolada onari. Lau jardunaldi jokatu dira eta sailkapenean laugarren postuan daude, zazpi punturekin, aurreko jardunaldian Usurbilen markagailuen berdinduta amaitu eta gero. Lehen postuan Eibarrek jarraitzen du, lau partidak irabazita.
Senior mailako neskek Egiari 26-17 irabazi zioten aurreko asteburuan, eta sailkapenaren buruan daude, sei punturekin. Larunbatean Aialaren kontra jokatuko dute, Zarautzen, 16:00etan. Mutilen bigarren taldeak 34-15 irabazi zion Bergarari aurreko asteburuan ligako lehen partidan, eta oraingoan Andoainen jokatuko dute Leizararen aurka. Bestalde, Infantil mailako bost taldeek asteburuan jokatuko dituzte denboraldiko lehen partidak. Lubakin izango dira, larunbat eta igandea goizean.