Josu Waliñok 'Arrano Beltzak beti garaile' izeneko liburua aurkeztu du gaur, asteazkena, Donostian. Dani Fano marrazkigilearen irudiak daramatzan liburua 10 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduta dago eta Aizkorri argitaletxeak atera du.
Urte gutxiren epean atera duen zortzigarren liburua da hau. Beti ere haurren edo gaztetxoen literaturan aritu da Josu. Aurkeztu berri duen hau seme zaharrak bultzata idatzi duela dio. "Esan daiteke hiru arrazoi ditudala liburu hau ateratzeko eta familikoa izan da lehena. Aurrekoa, 'Pirata Ximon', haur txikientzako modukoa zen. Seme zaharra kexatu zitzaidan beraien adinerako libururik jada ez nuela egiten. Agindu nion idatziko nuela.
Bere aurreko lanetan bezala, misterioa, komedia eta abentura ez dira falta oraingoan ere. Liburu honek baditu, baina, elementu berri batzuk. "Semeari liburu bat egitea agindu nionez, aprobetxatu nuen buruan nituen harrikada batzuk sartzeko. Irakurlea liburuan inplikatu nahi nuen eta gogoan nituen lehen gaztetxoentzako izaten ziren liburu batzuk. Pixka bat interaktiboak ziren. Buruan nuen beste zerbait zen liburuan zientzia sartzea, baina beti ere denborapasako liburu batean. Misterioa argitzeko mezu batzuk agertzen dira kodifikatuta eta irakurleak pistak ditu deskodifikatzeko. Irakurleak interesa badu, joko horretan parte hartu dezake".
Alde sozial bat ere jorratu nahi izan du Josuk liburu honetan. "Eskola kirolaren inguruan girotzen da eta badakigu zer arazo dauden hor: liderrak, batzuk jokalari onak dira eta besteak txarrak, neskek talde bat osatzen dute eta mutilek bestea, nahastu behar zirenean adin horretan ez dagoelako hainbesteko bereizketarik... Hori pixka bat islatzen da hemen eta defendatzen dena da lagun artean jolastuta ondo pasatzen dela. Bereizketa hori agerian geratzen da".
Sinopsia
Nork lapurtu ote du Arrano beltzak taldearen baloia? Saskibaloi txapelketa irabazi ondoren taldearen baloia desagertu da. Haren tokian mezu misteriotsu bat agertu da, taldeko inork ulertzen ez duen mezu arraroa. Nork dauka baloia? Nola askatu mezuaren korapiloa? Misterioz eta umorez betetako abentura zirraragarria biziko dute Martinek eta haren lagunek lapurrak utzitako aztarnei eta mezuei jarraituz.