Gure Esku Dago erabakitze eskubidearen aldeko herri ekimenak 5.000 lagun bildu nahi ditu azaroaren 8an Donostiako Zurriolan mosaiko erraldoi bat egiteko. Hemen Zumaiako taldearen oharra:
Gure Esku Dago-ren ekimenak aurrera darrai. Azaroaren 8an mosaiko erraldoi bat egin nahi dugu Donostiako Zurriola hondartzan. Erronka ere jarri diogu geure buruari: 5.000 pertsona batu nahi ditugu!
Mosaiko erraldoia... Zertarako?
Kataluniako galdeketaren bezperatan eta Eskoziako erreferenduma pasata, gu ere erabakitzeko eskubidea noizbait egikaritzeko lanean ari garela adierazteko.
Mosaiko erraldoia... Nola?
Mosaikoa egiteko bi material erabiliko ditugu: koloretako aterki eta petoak. Eta noski, hirugarren osagaia gu geu izango gara! Herritarrak! Aurrez diseinatutako irudi batzuk denon artean osatuta ahaleginduko gara geure lanari merezitako bultzada ematen. Egunean bertan, beraz, mosaikoa egiten lagunduko diguten teknikoen esanari kasu egitea nahikoa izango da irudi ederrak sortzeko!
Eta parte hartu nahi badut?
Erraza da Mosaiko Erraldoian parte hartzea, baina aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da azaroaren 8an dena erraz-erraz egin nahi badugu.
Non eta nola emango dut izena?
Izena emateko modurik errazena: herriz herri Gure Esku Dago dinamikako batzordeek salduko dituzten txarteletako bat erostea (5€). Txartel hori erosterakoan zure izena emango duzu Mosaiko Erraldoiean parte hartzeko, eta era berean, txartel horrek balioko dizu azaroaren 8an dagokizun petoa eta aterkia eskuratzeko (material hori zuretzako izango da gero). EZINBESTEKOA IZANGO DA ZURRIOLARA TXARTEL HORI ERAMATEA.
Zumaian izen emateko:
Urriak 25, larunbata, 19:00etan.
Urriak 26, igandea, 13:00etan.
Erribera kalean jarriko dugu mahaia.
ANIMA ZAITEZ!!!!