Hurrengo urtean ez da igoerarik izango udal tasa eta zergetan, atzo Udalbatzak Bildu, Aralar eta PSEren aldeko botoekin hala erabakita –EAJk aurka bozkatu zuen–. Bestalde, 28 gazte independentistak libre uzteko eskatzen duen Herritarren adierazpena-rekin bat egin zuten Bilduk, Aralarrek eta EAJk –PSEk abstentzioa eman zuen–.
Beñat Libre taldea: "Gustura gaude gure proposamenak babes zabalarekin egin duelako aurrera"
Atzo bozkatu ziren udal plenoan 2015eko ordenantza fiskalak. Udal Gobernuak abuztutik abuzturako KPIa hartu ohi du erreferentzia bezala, eta aurtengoa negatiboa izan da. Gauzak horrela, zergak eta tasak ez igotzea izan da irizpide nagusia "Krisialdi egoera batean jarraitzen dugu, eta soldata askoren erreferentzia KPIa izaten dela jakinda, ordenantza fiskalak bere horretan uztea" erabaki du Udalak.
Hala ere, teknikoki zenbait aldaketa egin behar izan dira ordenantzetan, "zenbait tasetan aplikatzen ziren hobari edo bonifikazioak legez kanpokoak zirelako, eta teknikoki soluzio bat eman zaie gehien behar duten herritar horiek hobari gabe gelditu ez daitezen". Hoberi berriak ere sortu dira, oposizioak eskatuta:
-Eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako ziurtagiria lortzen duten etxebizitzei urtebeteko IBIan %50eko hobaria egitea.
-Merkataritza erabilerako lokalen eraberritzea edo egokitzapena dakartenean, eta obra horren ondorioz negozioaren jarraipena edo birzabaltzea dagoenean %0,5eko karga tasa minimoa aplikatzea.
Ordenantza fiskalek jasotzen dituzten tasak eta zergak dira 2015eko udal aurrekontua osatzeko diru sarrera nagusiak, Foru Aldundiaren ekarpenarekin batera.
Taxien tarifak ere onartu ziren, aho batez. Taxilariek ere hala proposatuta, ez da igoerarik egongo. Bestalde, hirigintza arloan, larrialdi plan berria onartu da, aurrekoa zaharkitua geratu zelako. Arriskuak identifikatu dira eta kasu bakoitzerako zer neurri hartuko den, larrialdi mahaia nola antolatu, beste erakundeekin nola koordinatu... Aho batez onartu zen plan berria.
Herritarren adierazpenaren alde
Mozioen txandan, auziperatura dauden 28 gazte indepedentisten aldeko Herritarren adierazpena aztertu zen lehenik. Bilduk, Aralarrek eta EAJk alde bozkatu zuten, aurrez akordioa hitzartuta. PSEk abstentzioa eman zuen. Egun hauetan adierazpenaren aldeko sinadura bilketa egingo da kalean.
Kataluniaren erabakitze eskubidearen aldeko mozioa ere aurkeztu zuen Bilduk, eta aurrera atera zen –PSEk aurka bozkatu zuen–. Eta azken mozioa, udal liburutegiei kanonik ez ezartzearen aldeko mozioa ere onartu egin zen, aho batez.
Frontoiko lanek eragindako lan karga
Frontoiko lanen zuzendaritzak Udaleko zenbait teknikarirengan sortu zuen gehiegizko lan kargaz galdetu zuen EAJko bozeramale Montse Aranak. Aranak azaldu zuenez, lan hitzarmenean jasotzen diren orduak gainditu dira eta frontoiak eragindako lan kargak arazoak sortu ditu beste lan batzuk aurrera eramateko. Gaia aztertzeko eskatu zuen Aranak. Alkateak erantzun zuenez, gaia aztertu da, teknikariekin hitz egin da eta "egoera ondo dago". Onartu zuen lan karga handitu dela, baina "ez ohiko egoera batean" gaudela arrazoitu zuen. "Ordu extrak nahi baino gehiago ari dira sartzen, baina uste dugu horrela egin behar dela lanak ondo egiteko; eta erabaki hau hartu genuen aurrekari guztiak kontuan izanda", frontoiaren gaiak izan duen soka luzeari erreferentzia eginez.