Beñat Libre taldea: "Gustura gaude gure proposamenak babes zabalarekin egin duelako aurrera"

Baleike 2014ko urriaren 31

Atzo, urriak 30, bozkatu zen Zumaiako udaleko plenoan Herritarron adierazpena izeneko testua, Beñat libre #28ak ere libre lantaldeak aurkeztua. Bozkatu eta onartu, Bildu eta EAJren aldeko botoekin. Adierazpen honen bitartez irailaren 22az geroztik eta abendua amaierara arte iraungo duen eta Euskal Herriko 28 gazte, tartean gure herritar Beñat Lizeaga, euren militantzia politikoagatik soilik epaitzen dituen prozesu judiziala gaitzetsi eta berau erabat bidegabea dela adierazi nahi izan dugu.

Beti iruditu izan zaigu epaiketa politikoek ez dutela lekurik gurea bezalako gizarte demokratiko batean, baina are eta gutxiago gaur egun bizi dugun egoeran eta horregatik jarri genuen martxan uda hasieran epaiketa politikoei aurre egiteko dinamika herrian. Honen bitartez, herritarrak epaiketa hauen aurka mobilizatu nahi genituen konponbide garaian gaudela erakusteko ulertu nahi ez duten guztiei.

Izan ere, euskal gizarteak barneratua du aspaldi garai berriak bizi ditugula eta ilusio bereziz hartu du aldaketa gainera. Horregatik, gizartean sentitzen genuena arlo politikora eramatea genuen helburuetako bat, alderdi politikoei ere konponbiderako borondatea eta erantzukizun politikoa eskatuz. Gustura gaude beraz atzokoan gure proposamenak aurrera egin zuelako eta babes zabalarekin egin zuelako aurrera. Eta horixe da hain zuzen azpimarratu nahi duguna.

Guk hasiera hasieratik lehenesten genuen ahalik eta akordio zabalena lortzea alderdi ezberdinen artean eta horretarako lan egin dugu azken hilabete hauetan. Ez baitago beste modurik. Konponbidea elkar ulertuaz bakarrik lor daitekeela ulertzen dugu: indarrak batuz.

Gure poza haundia bada ere, aurrerantzean ere berdin jarraitzeko eskatu nahiko genieke alderdi eta alde guztiei, edozein motatako injustizien edo eskubide urraketen aurrean akordio zabalak lortzeko lan eginez. Konponbidearen bidean beharrezko pausuak emateko erantzukizun politikoa eta borondatea erakutsiz.

Geuk geure aldetik, lanean jarraituko dugu hori hala izan dadin, zoritxarrez, aurrerantzean ere izango baititugu aurre egin beharreko injustizia gehiago. Denok batera bada, asko hobe.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide