Asteburuan jokatu da Euskal Bodyboard Zirkuituko azken proba, Getxoko Ereaga hondartzan. Bigarren postuak emandako puntuak nahikoa izan dira Alex Odriozolak aurten ere Zirkuituko sailkapen nagusia irabazteko. Alex Uranga laugarren izan da Ereagan eta bigarren amaitu du sailkapen nagusian.
Euskal Zirkuitua osatzen duten hiru probetan erregularrena izan da Alex Odriozola. Lehena irabazi egin zuen, Donostiako Zurriolan; bigarrenean, Zumaian, hirugarren sailkatu zen; eta Ereagan bigarren izan da. Alex Urangaren kasuan, Zurriolan ez zuen parte hartu, baina Zumaian irabazi egin zuen eta Ereagako laugarren postuarekin bigarren amaitu du Zirkuitua. Andoni Izagak ere maila ona erakutsi du Zirkuituan, nahiz eta Ereagan final-laurdenetan kanpoan gelditu. Azkenean seigarren postua lortu du sailkapen nagusian.