Ohar honen bitartez, Udalak esker ona adierazi nahi dio hil berri den Abel Yeregiri, Udalean 1979tik 1987ra zinegotzi modura egindako lanagatik:
Abel Yeregi hil berri zaigu. 1979 urteko apirilean, herriak horrela erabakita EAJ-PNVko zinegotzi kargua hartu zuen Udalean. Zinegotzi kargua izateaz gainera, alkateorde lanak ere egingo zituen. 1979tik 1987 bitartean aritu zen Zumaiaren alde lanean.
Urte nahasiak izan ziren trantsizioko lehen urte haiek. Herriak etorkizunari ateak irekitako unea zen Yeregik kargua hartu zuenean, baina aldi berean, konpromiso politikoa erakusteko garai zailak izan ziren. Hala ere, Yeregik bere konpromisoa azaldu eta herriaren alde egin zuen lan Zumaiako Udaletik. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Abeli herriaren alde egindako guztiagatik. Eta doluminak bere familiari.