Indarkeria matxista jasan duten zazpi emakumek eskatu dute aurten laguntza Zumaian, datuak daudenetik inoiz baino gehiago. Ertzaintzak 15 kasu artatu ditu, eta gaur egun sei lagunek dute urruntze agindua.
Azaroaren 25ean nazioartean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna izaten da. Data horri helduta, Zumaiako hainbat eragile eta Udalak herrian arazo sozial larri horri aurre egiteko herrian egiten den lanketa azaltzeaz gain, aurten, Zumaiako Udalak jaso dituen indarkeria kasuen berri eman dute. Horretarako elkartu dira, ikastetxeetako arduradunak (Oikiako eskola, Mari eta Jose, Herri Eskola eta institutukoak), herriko osasun etxeko familia medikua, Berdinatsun Foroko kideak, Udaleko Berdintasun teknikari eta Zinegotzia eta Gizarte Zerbitzuetako teknikaria.
Guztiek bat egin dute indarkeriaren lanketa zeharlerroan landu beharrekoa dela, eta prebentzioan egin beharreko lana ezinbestekoa dela azaltzean. Maitane Agirre Berdintasun zinegotziak eragileen lana txalotu eta eskertu du, eta hartutako bide hori dela arazo horri aurre egiteko gakoa azaldu du.
2014ko datuak
2014an, orain artean, Zumaiako Udalera indarkeria matxista jasandako zazpi pertsona berri joan dira laguntza eske, kasu guztietan emakumeak izan dira. Indarkeria matxista jasan duen pertsonari lehenbailehen harrera eta arreta integrala eskaintzen zaio Gizarte Zerbitzuetan. Zazpi kasuei, harrera, informazio eta egoeraren jarraipena eskaini zaizkie. Hiru emakume laguntza psikologikoa jasotzen ari dira eta batek larrialdi eta harrera zerbitzua jaso du. Indarkeria motari dagokionez, lauk indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasan dituzte; kasu batean indarkeria fisikoa eta beste bi kasuetan indarkeria psikologikoa.
Erasotuak, Emakume gazteak izan dira, batez ere, 25-49 urte artekoak. Erasotzailearen profilari buruz, aipatu, 18tik 65 urtera bitarteko gizonezkoak direla. Eta jaioterriari dagokionez, lau EAEtik kanpokoak izan direla.
Urtean zehar 18 kasuren jarraipena egin da, eta 12 pertsonak jaso dute laguntza psikologikoa. 18 kasu horietatik, zazpi amaitutzat eman dira, beharrezko esku-hartze eta jarraipenak egin ondoren.
Azken urteotako kasu gehien
Azken urteetako datuetan oinarrituta, aurten inoiz baino kasu gehiago hartu dituzte Gizarte Zerbitzuetan: 2011n hiru, 2012an lau eta 2013an bi, aurten zazpi. Ertzaintzak jasotako datuen arabera, beraiek Zumaiako 15 kasu artatu dituzte. Eta gaur egun, sei urruntze agindu daude indarrean Zumaian.
Pili Alberdi Gizarte teknikariak azaldu duenez, bi irakurketa egin daitezke aurtengo kasu kopuruaren aurrean: “Gero eta emakume gehiago ausartzen dira indarkeria egoerak saltasen, edota indarkeria egoerak gehitzen doaz eraikitzen ari garen gizartean hutsune nabarmenak ditugulako”.
Ezkutuan gordetzen den indarkeria
Rosa Azkue Zumaiako osasun etxeko medikuak azaldu du osasun etxean ezarritako protokoloa jarraitzen dutela erasoen aurrean, eta indarkeria jasandako pertsonak gizarte zerbitzuetara bideratzen dituztela, aurrera egiteko informazio eta baliabideak eta babesa jasotzeko. “Aurtengo kasurik larriena, bortxaketa bat izan da, eta horrelako kasuetan larrialdietara bideratzen dugu kasua ginekologo eta forenseak ikus dezaten”, azaldu du.
Baina bada larritzeko beste arazo bat ere: “Zumaian, oraindik orain badira indarkeria matxistari aurre egiten ez dioten emakumeak. Hau da, badira jasaten dutenaren berri eman eta neurriak hartzera ausartzen ez diren emakumeak. Asko 40-50 urte inguruko emakumeak dira, familiako amak, autonomia ekonomiko txikia dutenak, eta jasaten duten indarkeria matxista beste arazoren baten ondorioa dela uste dutenak”, azaldu du. Horrelako kasuen aurrean, oraindik orain lan asko egiteko dago.
Prebentzioa da gakoa
Karmele Gomez Berdintasun teknikariak azaldu bezala, “prebentzioa da indarkeria matxista ekiditzeko biderik onena. Eta, horretarako ezinbestekoa da emakume eta gizonen arteko erlazioaren ikuspuntu globala aldatzea eta berri bat eraikitzea; gizarteko roletan, estereotipoetan, hizkuntzan… Aldaketa horiek pertsona helduetatik hasi beharko lirateke, haurrek haiengandik ikasi dezaten eta eredu bezala har ditzaten”. Garrantzitzua da norberak ideiak argi izatea, harremanei buruzko ideiak (emakumearen papera, zeri uko egin eta zeri ez zure bikoteagatik… norberak bere burua eta baloreak ezagutzea ezinbestekoa da. Beste pertsonaren baloreek zure baloreekin bat egiten ez dutenean jakin eta antzeman behar da, eta inoiz ere uko egin bakoitzarentzat garrantzitsua den zerbaiti.
Horregatik guztiagatik, behar-beharrezkoa dela ikastetxeetan gaiari behar duen garrantzia ematea, eta, zalantzarik gabe, hezkidetza da biderik egokiena. Ikastetxeetako arduradunak ere bat etorri dira prebentzioa gakoa dela azaltzen. Ikastetxe bakoitzak hezkidetza programa bat du abian, baina programa zabalago baitan eta zeharlerroan lantzen dute. Hezkidetzarekin batera, pertsonen identitatea lantzea ere ezinbestekotzat jo dute ikastetxeetako arduradunek.