Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren harira Zumaiako Herri Eskolak egitarau oparoa prestatu du eskolako komunitatea osatzen duten guztien artean partekatzeko, guraso, irakasle eta ikasleekin batera.
Hona egitarauaren zertzelada batzuk:
- Abenduak 2, bezpera: eskolako irratian emanaldi bereziak izango dira, “euskara” irratsaio guztien ardatz izango delarik.
- Abenduak 3, Euskararen Eguna: herri mailan egindako egutegiak banatuko dira eta mintzagai izango dira gelatan.
Goizean sarrera irteera guztietan megafonia jarriko da euskal kantuekin. Honez gain, aurreko egunetan prestatutako marrazki, pankarta etabarren erakusketa atonduko da Aita Mari eta Sagarbiden.
Goiz eta arratsaldez musika emanaldi bana eskainiko da Aita Mari eta Sagarbideko aretoetan. Aita Marin goizez izango da emanaldia eta maila bakoitzak aurrez prestatutako kanta bana eskainiko du. Ondoren ume guztiei mokadutxo bana eskainiko zaie. Arratsaldean jolasen txanda izango da: lokotxa bilketa, sokatira…
Sagarbiden arratsaldean izango da musika emanaldia bertako kirol aretoan. LH1etik LH4 arteko maila bakoitzak kanta bana eskainiko du, eta 5. eta 6. mailakoek aurrez prestatutako koplak musikatuko dituzte. Egunari amaiera emateko gurasoek prestatutako ogitartekoez gozatzeko aukera izango dute.
Euskararen Egunaren harira landutakoa urteko gainontzeko egunetan landutakoaren ispilu izan dadila eta ez egun bakarreko uzta soila.