Ahoko zapore gazi gozoa utzi zuen pasa den larunbatean jokatutako pistako Gipuzkoako sariko lehen jardunaldiak etxeko txirrindularientzat. Aitor Olaziregik eta Gaizka Gurrutxagak lan txukuna egin baldin bazuten, ez zitzaizkien gauzak nahi bezala atera Gorka Etxaberi eta Eider Manzisidorri.
Gipuzkoa sariko lehen jardunaldiak partaide kopurua handia izan zuen: guztira 130 txirrindulari izan ziren lehiakide Donostiako belodromoan. Partaide kopuru handiaz gain, hauen maila ere nabarmentzekoa izan zen.
Open mailan inoiz ez bezala bi multzotan banatu behar izan zituzten parte hartzaileak. Aitor Olaziregik, adibidez, datorren astean Munduko Kopa lehiatuko duten Ilart Zuazubiskar eta Asier Maeztu, eta iazko torneoko irabazle Unai Tolosa izan zituen lehiakide. Gorka Etxaberen multzoan, berriz, Unai Elorriaga pistar handia eta Aritz Bagues, Murias taldeko profesional berria egokitu ziren, besteak beste.
Aitor Olaziregik Ampoko koloreak estreinatu zituen eta maila txukuna erakutsi zuen; aurpegia eman zuen lasterketa guztietan. Daniarrean asko arriskatu zuen eta ez zitzaion ondo atera; scratchean, sprinterra izan gabe, 9. bukatu zuen arratsaldeko lehen puntuak lortuaz, eta puntuaketan oso lan ona egin zuen: itzulia hartu, bi esprintetan puntuatu eta azkenean ohorezko 7. postuan amaitu zuen lasterketa. Guztira 18. tokian da sailkapen nagusian eta horrek eskubidea emango dio bigarren jardunaldian multzorik onenean lehiatzeko. Helburua hori izan daiteke ikusita dagoen maila: onenen multzoko kide izatea, errepiderako prestakuntza bezala lagungarri izango baitzaio.
Gorka Etxabek ez zuen nahi bezalako estreinaldia izan. Parking-Geltoki taldearekin afizionatuetarako urratsa eman eta asko nabaritu zuen aldaketa; pistar oso ona izan arren Aizarnazabalgoarentzat handiegia izan zen urratsa. Scratch proba bakarrik amaitu ahal izan zuen. Sailkapenean 34.a da baina seguru daude duen kalitatearekin jardunaldiz jardunaldi hobetzen joango dela eta neurria hartzen maila berriari.
Eider Manzisidorrek lanak izan zituen kadete mailan mutilek ezarritako erritmo handiari eusten. Hala ere puntuaketan amaitzea lortu zuen, eta nesken sailkapen nagusian seigarrena da.
Gaizka Gurrutxagarentzat dena berria izan zen eta ausart erantzun zuen. Gorpuzkeraz txikia eta meharra da Aizarnazabalgoa eta pistan indarra beharrezkoa baldin bada aurrean ibiltzeko, ahulezia hori gogoarekin eta nortasunarekin bete zuen. Zarauzko taldeko kidea, daniarra 15.a amaitu zuen, Scratchean 11. eta puntuaketak 10. Batuketak eginda, sailkapen nagusian 25.a da. Gaizka Gurrutxagak ere helburu har lezake, onenen multzoan leihatzea lehenengo urte honetan.
Larunbatean bigarren jardunaldia jokatuko da, 16:00tatik aurrera eta oraingoan japoniarra, scratcha eta puntuaketa izango dira lehiatu beharreko probak. Berriz ere goi mailako ziklismoa ikusteko aukera izango da Donostiako belodromoan.