Pulporen lehen taldeak Atarrabiako Beti Onak taldea izango du gaur aurkari Lubakin (19:15ean). Ez da norgehiagoka erraza izango, talde nafarrak beti zailtasunak jarri ditu eta. Egun 7 puntu besterik ez baditu ere, pasa den asteburuan gauzak oso zail jarri zizkion Eibar liderrari eta gipuzkoarrek gol bakarreko aldearekin nagusitu ziren (32-33). Zumaiarrek, aldiz, Uharte talde nafarraren aurka galdu zuten (31-23).
Gaurko partidarako jubenil mailan aritzen diren jokalari batzuk berreskuratu ditu, azken honek igandean jokatzen baitu Lubakin Bilboko Loyolaren aurka.
Pulpok puntuak gehitzen jarraitzeko asmoa du sailkapeneko goiko postuetan mantentzeko. Orain arte jokatutako partidetan, lau garaipen lortu ditu etxean eta porrot bakarra, Errenteriako Ereintzaren aurrean jasandakoa.
Jardunaldi zaila izango da Euskal Ligan dabiltzan kadete eta jubenilentzako. Pasa den asteburuan Egiaren aurkako norgehiagoketan gertatu bezala, lau puntuak eskuratu nahiko dizute. Kadeteek ezingo dute hutsik egin sailkapeneko azken bi postuetatik ihes egin nahi badute. Azken postuan dagoen Loyola taldea izango dute aurkari. Biak 4 puntura berdinduta daude eta aurretik Egia eta Barakaldo daude, 6 eta 7 punturekin. Konfiantzaz beteta daude zumaiar gazteak Egiari 29-31 irabazi ondoren. Zaletuen bultzada garrantzitsua izango da igande goizeko partidan. Jarraian jubenil taldeen txanda izango da. Pulpo bigarren dago sailkapenean 13 punturekin eta bizkaitarrak laugarren dira 12rekin.
Bestalde, aipatu senior mailako bigarren taldeak oraindik ez duela partidarik galdu. Azken jardunaldian 34-27 irabazi zion bigarren postuan dagoen Zuatzo Katilu taldeari. Zumaiarrak lehen postuan daude jokatutako bost partidak irabazi ondoren. Bihar arratsaldean Donostian jokatuko du 6 punturekin hirugarren postuan dagoen Saiekoren aurka.
Neskatan, Zarazpe Pulpo kadetetako taldea lidergoan mantentzen da Leizarani 49-8 irabazi ondoren. Jardunaldi baten faltan bere taldeko buruan da azken fasea hasi aurretik. Fase honetan erabakiko dira Euskal Ligarako play offeko postuak.
Infantil mailako taldeentzat jardunaldi ia biribila izan zen. Lau garaipen erdietsi zituzten eta lehen urteko mutilak bakarrik atera ziren galtzaile. Ramon Gurrutxagak prestatutakoak martxa onean jarraitzen dute eta bigarren postuan kokatzen dira. Jardunaldi honetan Oñatira joango dira Aloña Mendi B taldearen aurka jokatzera. Pasa den jardunaldian irabazle izan ziren nesken hiru taldeek errepikatu nahiko dute asteburu honetan ere.
Lubakin jokatuko diren partidak
Lehen estatala: Pulpo – Beti Onak. Larunbata, 19.15ean
Jubenil neskak: Pulpo – Consulting. Larunbata, 12.00etan.
Jubenil mutilak, territoriala: Pulpo – Amenabar. Larunbata, 17:00etan.
Infantil mutilak: Pizzeria Marina Pulpo – Eibar. Larunbata, 13.30ean.
Kadete mutilak euskal liga: Pulpo – Loyola. Igandea, 10:15ean.
Jubenil mutilak euskal liga: Pulpo – Loyola. Igandea, 12:00etan.