Urepelen behin baino gehiagotan egin du lo Eneko Dorronsorok (Zumaia, 1978) azken hiruzpalau urteotan, Bartzelonatik –Kataluniako hiriburuan bizi da– Xalbadorren oinordekoak elkarrizketatzera joaten zen ia aldiro. Bertsolariaren lau seme-alaben laguntzarekin, Xalbadorren mitoak ezkutatzen duen pertsona aurkitu omen du, bere kontraesan guztiekin. Gaur aurkeztuko du Xalbador, izana eta izena dokumentala Hazparnen.
Zergatik Xalbador? Zerk bultzatu zaitu Xalbadorri buruzko dokumental bat egitera?
Gure etxean beti egon da bertsoa oso presente. Haurrak ginela, aita [Joanito Dorronsoro] Bertsotan liburuak ari zen prestatzen, eta bertso asko kantatzen zizkigun, eta bertsoei lotutako istorioak kontatu ere bai. Haiek ziren askotan gure ipuinak. Eta Xalbador zen beti pertsonaia bat oso sentibera, poeta, txistuak txalo bihurtu zituena, omenaldiaren egunean hil zena… Historia hori guztia zuen Xalbadorrek. Eta bestalde, aitak beti esaten zidan irakurtzeko Odolaren mintzoa, liburu modura, ez soilik bertso sortak. Baleikek antolatutako bigarren eskuko azoka batetik aitak ekarri zuen liburuaren ale bat, bertso eskolara eramateko intentzioarekin, baina neuk hartu nuen niretzat. Handik sortu zen.
Justu arraunari buruzko Ttaup dokumentala orduan ari zinen amaitzen, ezta?
Bai. Proiektu luzea izan zen hura eta nire asmoa zen tarte batean behintzat besterik ez hartzea. Baina, bazkalondoren batean Odolaren Mintzoa “lapurtu” nion aitari, eta Alberto Gorritibereari eta Iban Garateri erakutsi, eta esan nien Hollywooden superprodukzio bat egingo zuketela historia harekin. Hurrengo egunean Garatek proposatu zidan gaiari heltzeko… Ttaup oraindik bukatzeko, ez nuen batere gogorik baina, gauza batek bestea ekarri zuen. Aitak ere Xalbadorren seme Mixelekin egin zuen topo Garazira egindako bidaia batean eta eman zion nire berri… Horrela sartu nintzen proiektu honetan.
Nondik eta nola heldu diozu gaiari?
Lehen asmoa zen zerbait sinplea egitea. Mixel artzaina da, aita bezala; bertsolaria, aita bezala; Xalbador bigarrena, aitaren itzala. Itzal horretatik aita aterako nuela zen nire lehen ideia. Halaxe hasi nintzen. Baina ikusi nuen Mixelek badituela beste hiru anai-arreba; ikusi nuen lau anai-arrebek bazutela Xalbadorren perfila osatzeko ezaugarriren bat. Orduan, lauren bila joatea erabaki nuen. Lau seme-alaben perfiletatik abiatuta aita osatzea, hori da oinarrian dagoena. Eta lanean aurrera egin dudan neurrian ohartu naiz gizarteak zor bat baduela haiekin, 70 urtekin oraindik Xalbadorren semea izaten segitzea ez dut uste justua denik. Neuk ere entzun behar izan nuen, “zu ez zara gugatik etorri”.
Lau seme-alabekin batera, zer beste eduki erabili dituzu dokumentala osatzeko?
Haiseran banuen paisaiari protagonismoa emateko intentzioa, baina uste dut azken emaitzan nahikoa presentzia anekdotikoa duela. Xalbadorren bertsoak agertzen dira. Berak bazuen doinuekiko kezka berezi bat. Aitak esaten du beti, Xalbador zela soineko egokiena jartzen ziena bertsoei. Bertso asko grabatuta utzi zituen, eta horietako batzuk agertzen dira. Bestetik, eskuratu nuen Joxemari Iriondok Xalbadorri egindako elkarrizketa, hil baino pare bat hilabete lehenagokoa. Hori ere dezente erabili dut. Han ikusten dira bere izaera eta momentuko egoera. Eta gero elkarrizketak: Lau seme-alabak batik bat, eta bilobak pixka bat; Xalbadorren inguruko bi pertsonaia garrantzitsu, Emile Larre eta Mixel Itzaina; Amuriza, Lopategi eta Amets Arzallus.
Zenbat denbora behar izan duzu proiektua gauzatzeko?
Lehen bisita 2010eko maiatzean egin nuen. Seme-alaba guztiekin hitz egiteko bidaia batzuk egin behar izan nituen Bartzelonatik Urepelera. Pertsonen perfilak oso ezberdinak dira, bere etxeko kontuez hitz egiteko eskatu nien, gai intimoak batzuk, eta hori ez da erraza izaten. Asko insistitu nuen alde horretatik. 2012an hasi nintzen grabatzen.
Ia bi urte joan zitzaizkizun grabatzen hasterako?
Bai, denbora joaten zen bisitatik bisitara. Gero, elkarrizketak egiten hasi ginen eta azkenerako material asko bildu nuen. Gehiegi. Muntaian sufritu egin dugu, egia esan. Espero dut emaitzarekin konforme izango direla, beraientzat ere esfortzua izan delako, baina lan zaila izan da grabatutakoa dokumentalera ekartzea. Nik badut “akats” hori. Dokumentala baino gehiago, askotan esan dit Gorritibereak nire helburua antropologikoa dela. Momentuan gertatzen den hori jaso nahi izaten dut, horrek asko aberasten nau, baina dokumentaletik atera egiten naiz eta muntaia egiterakoan sufrimendu handia eragiten du. Eta orain, Ttaup-ekin bezala, material asko gelditu zait kanpoan eta horrekin zerbait egin nahiko nuke. Baina ez da erraza, dirua eta denbora behar direlako.
Hasi eta buka, zeuk bakarrik egin behar izan duzu dena?
Maialen Sarasuarekin egin nuen lehen gidoia eta ondoren berak asko lagundu dit muntaia egiten. Bestela bai, grabazioak ere neuk egin ditut gehien-gehienak.
Zer ikasi duzu Xalbadorri buruz?
Che Guevarari buruzko dokumental eskas batean entzun nuen gauzarik politena izan zen mitoa jaiotzean pertsona hil zela. Xalbadorrekin hori gertatu zait. Nik pertsonaia bat nuen buruan, txistuak txalo bihurtu zituena, izaera berezia zuena; lan honekin pertsona deskubritu dut. Bere seme-alaben bitartez, Xalbador pertsona ezagutzeko aukera izan dut. Ametsek [Arzallus] esan zidan: “Guk bertsoa antolatzean badakigu gaiari buruz zer esan nahi dugun eta dena bideratzen dugu amaieran ideia indartsu hori ager dadin; Xalbadorren kasuan ez, Xalbador da erreka bat bere bihurgune guztiekin”. Alegia, orain esango du A, baina hurrengo bertsoan B. Bere kontraesan guztiak erakusten zituen bertsotan ere, ez zituen ezkutatzen. Hori ikusi dut nik. Alde batetik, bere gogortasuna duen gizon bat, eta bestetik sentiberatasuna. Pertsona bat, finean.
Eta zer zabalkunde izango du orain lanak?
Tentazioa ekoiztetxearekin egin dut, eta oraindik ez dakit oso ondo zer asmo dagoen. Azaroaren 30ean Hazparnen estreinatuko da, hango zinemaldian. Ondoren Durangoko Azokan erakutsiko da, baina oraingoz DVDa ez da argitaratuko. Gero ez dakit. Agian herriz herri erakutsiko da, baina ez dago ezer lotuta. Zumaian ziurrenik egingo dugu, baina hortik aurrera ez dakit.
Beste proiekturik ba al daukazue esku artean?
Nire ilusioa da oraingoz horrelako beste proiektu luzerik ez etortzea… Esan nahi dut, Ttaup amaitzen ari zela honi heldu nion, eta orain beste lan batzuk egin nahi ditut, arinagoak, txikiagoak. Soslaiak, esate baterako. Pare bat bukatuta dauzkat eta webgunean daude ikusgai (zizelka.com), eta beste hiru dauzkat amaitzeko. Horrelako gehiago egin nahiko nituzke. Bestetik, Bartzelonan bizi naiz eta orain Katalunian dagoen mugimenduarekin sentitzen dut toki egokian nagoela Euskal Herriarekin zubi lanak egiteko, baina oraindik ez dakit nola.