Pulpok denboraldiko zazpigarren garaipena erdietsi zuen pasa den larunbatean Lubakin Beti Onak taldeari 35-27 emaitzarekin irabazi ondoren. Jardunaldi honen ondoren seigarren postuan finkatu dira Xabi Letamendiak prestatutako mutilak. 15 puntu dituzte eta Arrasate taldearekin berdinduta daude. Bi taldeak larunbat honetan neurtuko dira Arrasaten.
Jubenil mailako taldeak igandean jokatzen zuenez, hango jokalari batzuek bezperan lehen taldearekin parte hartzeko parada izan zuten, eta hori igarri zen. Aipagarria da Ander Torriko gaztearen lana: 10 gol sartu zituen eta bera izan zen norgehiagokako goleatzaile nagusia. Txalotzekoa baita ere Xabier Larburu burutzen ari den denboraldi hasiera. Atarrabiako taldearen aurkako deman 7 gol sartu zituen. Javier Gonzalezek eta Iosu Arrietak ere, bosna golekin, partida bikaina burutu zuten.
Berdintasun handiagoa izan zen lehen zatian, nahiz eta pasarte gehienetan etxeko taldea aurretik joan zen. Lehen zatiko amaieran hautsi zen berdintasuna eta Pulpo 19-15 markagailuarekin joan zen aldageletara. Bigarren zatian nagusi izan zen Pulpo eta hamar goleko aldeak izan zituen markagailuan. Partida 35-27 emaitzarekin amaitu zen.
Datorren jardunaldian (larunbata 6, 18:30ean, Iturripe kiroldegian) Arrasate eta Pulpo neurtuko dira haien etxean. Bosgarren eta seigarren sailkatuak neurtuko dira norgehiagoka honetan.