San Juan Egoitza eta auzoaren artean dagoen harrizko horma bota eta oinezkoentzako pasaleku bat egingo da San Joseko goiko blokeetako bizilagunen irisgarritasuna hobetzeko.
Zumaiako Udalak orain urte batzuk idatzi zuen San Jose kalea berrurbanizatzeko Plan Nagusia. Horretarako bertako bizilagunekin bildu zen beraien ekarpenak jasotzeko. Auzoaren kokapenarengatik eta bere ezaugarriengatik, irisgarritasuna da San Josek pairatzen duen arazorik handiena, bai hirigunetik auzora, eta baita auzoan bertan ere beheko eta goiko blokeak lotzeko orduan. Aldapa handiz eta eskailerez jositako auzoa da San Jose eta edadetu asko bizi dena. Plan honetan igogailu bat jartzea aurreikusten da Eusebio Gurrutxaga plaza eta San Jose lotzeko. Foronda azpitik auzora eramaten duen errepidean ere izango dira aldaketak eta leku batzutan bi erreileko bidea bihurtuko da.
Lan xumeago batzuekin hasiko dira aste honetan berrurbanizazioko obrak. San Juan Egoitzako eta San Joseko 26. atariaren artean dagoen harrizko horma bota eta oinezkoentzako pasaleku bat eraikiko da. Hala, San Joseko goiko blokeetako bizilagunek Egoitzako jardinetatik iristeko aukera izango duten beraien etxebizitzetara.
Lanak ustez baino zailagoak dira, horma hori leku aldapatsu batean baitago. Etxebizitzak mendiaren gainean eraikiak daude eta ahalik eta kontu handiagoarekin egingo dira lanak. Hilabete eta hilabete eta erdi arteko iraupena izango omen dute lanek.
2013ko urtarrileko Baleiken atera zen San Jose berrurbanizazioaren inguruko erreportajea.